Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

ordainsari (orobat ordain sari g.er.) 1 iz zerbitzu edo lan batengatik ordaintzen den saria.

Autobide berriak ordainsaria izango du.  Berria - Euskal Herria   2004-11-18

Autobideetako ordainsarien igoera iragarri dute kudeatzaile guztiek, baina zenbatekoa iragarri gabe.  Berria - Ekonomia   2004-01-02

Durangoko autopistan ordainsaria pagatzeko itxaroten zeuden auto batzuk aurrean eraman zituen kamioi aleman batek.  Iñigo Aranbarri   «Hitzak eta giltzak», 2001 - 72. orr.

Euren ustez, ordainsariak ez du balio kamioien trafikoa murrizteko.  Berria - Euskal Herria   2004-07-02

Datorren apirilaren 27an, EHUko irakasleen ordainsariak aztertzeko batzarra egingo dute sindikatuek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta EHUko Gobernu Taldeak.  Berria - Euskal Herria   2006-04-13

Soldatak ordainsaritan oinarritu beharrean, taula bidez finkatzea eta enpresak nahi duen lanordu malgutasuna ekiditea.  Berria - Ekonomia   2004-03-06

Nahiz eta abadeak eta monjeek dohainik utzi zieten eliza Frantzisko eta anaiei, inolako ordainsaririk edo errentarik gabe, hala ere [...].  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 561. orr.

Tratua isilean egingo da, eta Axenariok inork adoretu gabe egin beharko du lan, ordainsaririk espero gabe.  Itziar Otegi   «Axenario» - Jules Renard, 2006 - 60. orr.

Ebakuntzaren ordainsariaz gain, egunero bi zentimo besterik ez diat nahi.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 88. orr.

Langabeei osorik pagatuko diete lehen hileko ordainsaria.  Berria - Ekonomia   2006-02-18

Ordainsaria: 25 euro, bidaia eta bazkaria barne.  Herria   2005-07-07

1.000 euroko ordainsaria jaso zuen marokoarrak proba irabazteagatik.  Berria - Kirola   2004-01-02

2 (izenondoekin)

ETAren aurkako borrokan Espainiako Gobernuak PPren laguntza izango duela berretsi zuen Raxoik, baldin eta «ordainsari politikorik» ordaintzen ez bazaio.  Berria - Euskal Herria   2006-05-07

«Lan jardun amaigabeak, ordainsari eskasak eta kontratu prekarioak» izan ohi dituztela azaldu dute.  Berria - Euskal Herria   2004-11-13

Hiru urteko ituna, KPIren araberako soldata igoera, 100 orduko malgutasuna eta, hitzarmenaren bukaeran, soldata arrunten moduko ordainsari osagarriak.  Berria - Ekonomia   2004-04-17

Bestetik, 25 euroko ordainsari gehigarria eskaini zuen, 2004. urterako besterik ez».  Berria - Ekonomia   2004-04-09

3 egintza on baten edo kideko baten ordainetan ematen edo hartzen den saria.

Alferrik duk ordainsari handi bat eskaintzea bila ari haizena agertu denean.  Antton Olano   «Fidel izan beharraz» - Oscar Wilde, 2000 - 28. orr.

Ordainsaria tentagarria da oso, bereziki, Osama Bin Laden buruzagia hilik edo bizirik harrapatzeko informazio fidagarria emateagatik eskaintzen den kopurua: 25 milioi dolar.  Berria - Mundua   2004-07-20

Jean-Pierre Raffarin lehen ministroak bi kazetariak aske jartzearen truke ez dutela ordainsaririk eman ziurtatu zuen.  Berria - Mundua   2004-12-23

Ordainsari bikaina eskuratzen du.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 93. orr.

Jende xeheaz errukitzen denak Jaunari ematen dio eta berak itzuliko dio ordainsaria.  Elizen arteko biblia   EsZ 19,17

Leiala bazara, Ghân-buri-Ghân, ordainsari ederra jasoko duzu eta betiko izango duzu Markaren adiskidetasuna.  Agustin Otsoa   «Eraztunen Jauna III» - J.R.R. Tolkien, 2004 - 127. orr.

Orain hartzen ari diren ordainsari erregularra handiagoa eta ziurragoa da noizbehinkako erasoaldietan lortu ohi zuten harrapakina baino.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 152. orr.

1936ko gerrako eta frankismoko biktimentzako «ordainsari moral» gisa, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Bere burua guztien salbamenerako ordainsaritzat eman zuena.  Berria - Euskal Herria   2006-01-25

4 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Eta oro har malgutasuna ez litzateke horren txarra -beste aukerarik izan ezean- babes soziala nagusi izango balitz, eta langileen eskubide sozialak eta ordainsari maila bermatuta baleude.  Iñaki Heras   «Txanponaren bi aldeak», 2003 - 122. orr.

ELA, LAB, EILAS, UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek unibertsitateko irakasleen ordainsari sistema egokitzeko eskatu diote EHUko gobernu taldeari eta Jaurlaritzari.  Berria - Euskal Herria   2004-07-23

Babcockeko lan taldearen borroka zikintzen du irregulartasunei lotutako ordainsari eskaerak.  Berria - Ekonomia   2006-01-10

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus