Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

hesol 1 iz ohol sendoa, lurrean sartu eta finkatzeko mutur puntadun bat duena.

Hesia egiteko hesolak erabiltzen dira.  Gotzon Garate   «Zakurra, zeure laguna», 2002 - 167. orr.

Hesolek lau bat urte irauten dute, usteldu egiten baitira.  Gotzon Garate   «Zakurra, zeure laguna», 2002 - 167. orr.

Salem irakurri zuen Norak hiriaren sarrerako hesola bati josiriko oholean.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 24. orr.

Hesoletan loturik zaldi batzuk zeuden.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 109. orr.

Horrelaxe igaro zuten, konturatu ere egin gabe, mugako hesola zurizko lerroa.  Josu Zabaleta   «Gauza baten ametsa» - Pier Paolo Pasolini, 1998 - 47. orr.

Begitik hesola odoltsua atera [ziklopeak], eta, eroturik, harrika bota zuen.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 56. orr.

Abernathyk hesola bat sartu zion bihotzean txakurrari, eta ondoren, lepoa moztu zion kimatzeko guraize batzuekin.  Berria - Gaiak   2004-06-05

Ea nork lagunduko zidan hesola hura jasotzen eta ziklopeari begian sartzen lo hartzen zuenean.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 54. orr.

Zingira-lurra baldin bada, orduan dena hondeatu eta garbitu egingo da, eta ondoren hesolak sartuko dira, makal, olibondo edo haritzezkoak eta sutan gogortutakoak.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1630. orr.

Hesola bat jaso dute ezpel-pilaren erdian eta bertan lotu dute andre Madalen.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 156. orr.

Alanbrezko hariak, hesolatik hesolara kateatuz herri batetik bestera ipini zituztenean, jendeak ez zuen sinesten hari haren barrutik hitzak joan behar zuenik, eta hala zioten: horiek sorginkeriak zirela.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 182. orr.

Hesolaz hesola arrastan eraman zuen eskua.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 81. orr.

2 (erkaketan)

Une hartantxe hesola baino gizon luzeago bat irten zitzaion bidera.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 74. orr.

Emakume hesola bezain tente bat agertu zen.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 211. orr.

Gülbahar besarkatu zuen; zangoak atezuan zituen, kokotsa dardaran, hesola bat bezain zurrun.  Fernando Rey   «Ararat mendiaren sumina» - Yasar Kemal, 2003 - 89. orr.

Banoa -esan zion bat-batean Yusufek, zurbil, gorputza hesola bat bezain zurrun.  Fernando Rey   «Ararat mendiaren sumina» - Yasar Kemal, 2003 - 90. orr.

3 (hitz elkartuetan)

Belaontziaren parez pare marinelen lana argitzen zuten argi-hesolei begiratu zien Norak.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 82. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

hesola bat (10); hesola bat bezain (3); hesola bati (4); hesolak eta (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus