Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

apopilo (orobat apopillo g.er.) 1 iz ostatu batean edo norbaiten etxean bizi den pertsona.

Aulkitxo batean eserita ni, ezer egin gabe, apopilo bat bezalaxe.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 203. orr.

Urtebete lehenago, aiseago sinetsiko nuen egiazko martiztar batekin partekatuko nuela bizitegia, gure anaia gazteenaren apopilo izanen nintzela baino.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 118. orr.

Alarguntsa baten etxea zen, antza, diru pixka bat irabazteko apopiloak hartzen zituena, garai hartan askok egin ohi zuen moduan.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 16. orr.

Etxeko egin ziren txorikumeak anaiekin eta, haien eskuetan pausatuz, etxe osoan ibiltzen ziren, ez apopilo bezala, familiako bezala baizik.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 310. orr.

Oso polita duk, ez nikek bere apopiloa izan gura.  Koldo Izagirre   «Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri», 1998 - 44. orr.

Morroia harri eta zur geratu zen, eta handik egun batera esan zion ezinezkoa zela hori; janari berezia egin behar zen; gainerako apopiloek ez zuten egoskaririk jan nahi.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 202. orr.

Lamelak berak erosten zuen beretzako ardoa, eta uste ezineko lekuetan gordetzen zuen, ostatuko gainerako apopiloak gelan sartu eta edango zioten beldurrez.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 70. orr.

Bere esanetan, antzeko suteak sortu izan dira ostatuetan eta gelak alokatzen dituzten etxeetan, apopiloek geletan bertan aritzen baitira su txikietan janaria prestatzen.  Berria - Euskal Herria   2006-03-07

Zure apopiloa izango naiz eta beti zuriz jantziko naiz.  Joanes Urkixo   «Gerlari zuria», 2004 - 73. orr.

Zinegotziek dituzten datuen arabera, ostatuan nahikoa komun zeuden apopiloentzat.  Berria - Euskal Herria   2006-03-07

2 (izenondo eta izenlagunekin)

-Apopilo ederra zara, gero!  Joanes Urkixo   «Gerlari zuria», 2004 - 88. orr.

Basurderekin jokatu duzun moduagatik, garbi dago ez zarela apopilo arrunta.  Joanes Urkixo   «Gerlari zuria», 2004 - 108. orr.

Druida baten apopilo hutsa naiz.  Joanes Urkixo   «Gerlari zuria», 2004 - 88. orr.

Luze gabe, emakume bat eseri zen laugarren tokian; ez zegoen antzematerik zer ote zen: ezkondua edo ezkongabea, senitartekoa, etxeko administratzailea edo apopilo arrunta.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 147. orr.

Munduz kanpoko izaki horien esperientzia zuzena edukitzeko -Maupassantek bere apopilo beltzarekin eduki zuen bezala- egileak eromenaren esparruan edo aparteko beste zirkunstantziaren batean egokitu behar zuen.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 64. orr.

La Platako Udalak ohorezko apopilo izendatu eta hiriaren giltza sinbolikoa eskaini ondoren, Buenos Airesko probintziako Botere Legegileak bereziki prestaturiko batzarrean parte hartuko du.  Berria - Euskal Herria   2004-10-19

3 (adizlagun gisa)

Donostira jun beharko det, zure etxera apopilo.  Joxean Sagaztizabal   «Kutsidazu bidea Ixabel», 2003 - 18. orr.

Baina baita neurriak hartu ere, horrelakoetan ez da haize jenero hori gurean apopilo gelditzen luzarorako: Ipar-euria, hogei eta lau orduko euria.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 457. orr.

Mundakar batzuentzat Argentina, Venezuela, Txile edo Kubako hilerriak direna da harentzat Mundakako hilerria: apopilo egoteko lurra.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 323. orr.

Bi motatako burutazioak: lehenengoa, igual nagusitasun intelektualaz ere ez nuela liluratuko; bigarrena, nire etxean apopilo egoteari buruzkoa, erraz imajinatzekoa da.  Joxean Sagaztizabal   «Kutsidazu bidea Ixabel», 2003 - 18. orr.

Bada beste gizon bat ere apopilo, erretiroa hartutako eskola-maisu bat.  Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee, 2004 - 271. orr.

Apopilo hartzen gintuena zinema aretoko proiektatzailea zen.  Berria - Kultura   2004-09-22

Familiako baten bidez, Lazkaoko beneditarren komentuan hartu ninduten uda batez, apopilo eta ikasle.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 22. orr.

4 apopilo egon

Alderantziz, oso ondo neritzon: gazte-gaztetandik neure kontura bizitzen ohituta, onuragarria gertatu zitzaidan bizimodu berria, Flora eta bere ama askoz hobeto arduratzen zirelako nire behar guztiez ordu arte apopilo egonda ezagutu nituen etxekoandre guztiak baino.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 285. orr.

5 apopilo-etxe

Mooney andrea, zeinak harategiko negozioan geratzen zitzaion dirua atera eta apopilo-etxe bat jarri baitzuen Hardwicke Streeten, emakume handi sekulako bat zen.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 90. orr.

Teilatupean bazen apopilo-etxe bat ere, goitik behetik bezain zabala zen galiziar andre ezkel batena, izenez Paca.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 121. orr.

Alokairua partekatzen duten familiek, gehienez, 154 euro jasoko dituzte; apopilo etxean bizi direnek, 150 euro, eta ostatu saria ordaintzen dutenek, 70 euro baino ez.  Berria - Euskal Herria   2004-04-23

Lamela Lavapies plazako apopilo-etxe batean bizi zen: gelatxo txiki bat zuen, nahasia, eta ohean sartuta ikasten zuenez, ikasten zuenean, askatu egiten zituen liburuak, eta plegu soltetan askatuta gordetzen zituen, kutxan edo mahai gainean zabalduta.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 70. orr.

Non gertatzen da? Bilbon? Apopilo etxe kaskar batean?  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 394. orr.

Laureano han egoten zen sarritan, bazkaldu, afaldu eta lo Agustinarenean, apopilo etxean, egiten bazuen ere.  Jon Maia   «Riomundo», 2005 - 187. orr.

Orduan kasualidade gogoangarri batez, apopilo-etxean neure etxejaunaren eta kanpotar baten arteko solasaldi baten lekuko izatera gertatu nintzen, pareta bat tarte, gizona zuzenean ikusi gabe.  Matías Múgica   «Hiltzaile baten aitormena» - Joseph Roth, 2004 - 30. orr.

Haiek arrantxoa deitzen dutena bazkaltzen dute azkar apopilo-etxeetan eta, luxu pixka baten beharra dutenez, otorduaren ondotik hona etortzen dira, kafea hartu eta pokerrean jokatzera.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 33. orr.

Portu-hiri guztietan bezala, Triesten ez zen ostaturik eta apopilo-etxerik falta, leiho eta ezkaratz askotan ikusten ziren eskuz idatzitako iragarki txikiak, batzuk alemanez eta ingelesez, oheak eskaintzen.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 225. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

apopilo etxe (7); apopilo etxea (6); apopilo etxean (4); apopilo etxera (5); apopilo zegoen (4)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus