Camino de migas
Eskinako menua
Doktore euskaldunak
UPV/EHUko Euskararen III. Plan Gidariaren (2018-2022) oinarrizko helburua da euskara unibertsitateko jardun guztietara zabaltzea. Helburu hori ikerketaren, ezagutzaren hedakuntzaren eta irakaskuntzaren eremuetan gauzatzen lagunduko digun tresna garrantzitsua da sortu berri dugun Doktore Euskaldunak datu basea.
Euskal Herriko unibertsitateen jardunean, euskarazko irakaskuntzarako testuen sorkuntza, dibulgazio zientifikoa, tesien defentsa eta proiektu zientifikoen ebaluazioa askotan mugatuta gertatzen dira zenbait alorretan dauden euskaldunak ezagutzen ez direlako.
Ildo horretan, eremu akademiko guztietan euskararen presentzia areagotzeko balioko duen datu basea da Doktore Euskaldunak. Hauek dira bere helburuak:
- Doktore euskaldunak dituzten unibertsitateen, ikerketa eta teknologia zentroen eta enpresen eta erakundeen elkarlanaren bidez, doktore euskaldunen erreferentziazko datu basea bilakatzea.
- Euskarazko doktorego tesietarako epaimahai euskaldunak eratzeko doktoreak bilatzea.
- Euskaraz egin nahi diren irakasle plazen lehiaketetan epaimahai euskaldunak eratzeko doktoreak bilatzea.
- Euskaraz aurkezten diren ikerketa proiektuen ebaluazioa euskaraz egin dezaketen ebaluatzaileak bilatzea.
- Euskal enpresetan eta erakundeetan doktore euskaldunen beharrizana asetzea.
- Euskal diasporako unibertsitate, enpresa eta erakundeetako doktore euskaldunekin lankidetza bideratzeko datu basea izatea.
- Doktore Euskaldunak datu basea elikatzen duten beste unibertsitate, enpresa eta erakundeei UPV/EHUtik bide ematea doktore euskaldunen zerrenda eskura izan dezaten.
Helburuok lortzeko beharrezkoa da datu basea elikatzea eta irakasle-ikertzaileen artean ezagutzera ematea. Horregatik guztiagatik, animatu nahi zaitugu ondorengo estekan aurkituko duzun datu basean erregistratzera eta beste erakundeetako kide dituzun doktoreei beronen berri ematera.