Eskaera proiektuaren koordinatzaileak aurkeztuko du, eta, aldi berean, hezkuntza berrikuntza ezarriko den ikastegiaren edo ikastegien kalitate batzordeen oniritzia eduki beharko du.
Prototipo guztien eskaera deialdi honetan proposatutako 1. eranskineko ereduari egokituko zaio, eta bertan eskatutako datu guztiak aurkeztu beharko dira.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 e) artikuluan eta UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko erabakian (UPV/EHUrekiko harremanak modu elektronikoan izateko interesa duten pertsonen eta bertan zerbitzuak ematen dituzten langileen identifikazio eta sinadura elektronikoari buruzko instrukzioa onartzen duena) ezarritakoaren arabera, eskaera UPV/EHUren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko da, eta eskaera Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuari (SAE/HELAZ) zuzenduko zaio, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzaren barruan. Horretarako, hauetakoren bat erabili beharko da: UPV/EHUko langilearen ziurtagiri elektronikoa, Izenpe erabiltzaile ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, edo Diruaren eta Tinbrearen Fabrika Nazionalaren Ziurtagiria (FNMT-CERES).
Era berean, sektore publikoko edozein erakunderen erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango da, eta, salbuespen gisa, aurrez aurre aurkeztu ahal izango da UPV/EHUko erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan. UPV/EHUko erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira, espediente administratibo elektronikoan sartzeko, eta originalak interesdunari itzuliko zaizkio, aldez aurretik funtzionarioaren aurrean identifikatuta eta egintza hori egiteko berariazko baimena emanda, UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28eko Erabakiarekin bat etorrita, horren bidez jarraibidea onartzen baita, gai hauen inguruan: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak, eskaerak, idatziak eta bestelako komunikazioak funtzionario gaituen bidez aurkeztea UPV/EHUn, eta funtzionario gaituen erregistroa.
Eskaerak aurkezteko epea, 60 egun natural izango dira, deialdia Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren webgunean eta campusetako errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratzen den egunetik kontatzen hasita (bat etorriko dira argitalpen data eta deialdiaren sinadura data.)
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun natural igarota, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak eskaeren zerrenda argitaratuko du (ondo betetako eskaerak eta datuak faltan dituztenak) bere webgunean eta campusetako errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula). Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte, zerrenda argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, dokumentazioa osatzeko. Epe horretan falta den dokumentazioa aurkezten ez duten eskaerak atzera botako dira.