Eduki publikatzailea

Murgildu zaitez antropologian!

  • Jakintza adarra: Gizarte eta Lege Zientziak
  • Campusa: Gipuzkoa
  • Ikastegi antolatzailea: Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea
  • Gradua: Gizarte Antropologia
  • Garapen-lekua (helbidea): San Telmo Museoa. Zuloaga Plaza 1. 20003 Donostia

 

Egutegia eta plazak

Data Hizkuntza Txanda Ordutegia Plazak
2024-05-28 Euskara Goizez 10:30 – 14:00 40

 

Jardueraren deskribapen laburra

“Murgildu zaitez Antropologian!” izenburua duen jarduera hau Batxilergoko, Lanbide Heziketako, Goi Mailako Prestakuntza-Zikloetako, Arte-Irakaskuntzetako eta  Kirol-Irakaskuntzetako ikasleei zuzenduta dago, funtsean, etortzen diren gehien-gehienak Batxilergoko kurtsoetatik datoz. Bere helburu nagusia hauxe litzateke: aipatutako ikaslego honi gizarte antropologiarako oinarrizko hurbilpen bat eskaintzea. Horrela, gizarte zientzietako diziplina hau zabaltzeko asmoz, jarduera teorikoa eta praktikoa eskaintzen da. Bertan, gizarte antropologiari dagozkion oinarrizko nozio batzuk ezagutzeaz gain, antropologiaren aplikazioa gauzatzen duen zentro batetara bisita egin da. Kasu honetan, Donostiako San Telmo museoa ezagutzea proposatu da, ikasleei espazio honek gizartea antropologiarekin duen harremana erakusteko asmoarekin.

 

Landuko diren gaiak/edukiak

Aurretik esandakoa kontutan harturik, jarduera honen helburu zehatzak ondorengoak dira:

  • Gure testuinguruan hain errotua dagoen diziplinari, gizarte antropologiari alegia, oinarrizko hurbilpen bat eskaintzea.
  • Antropologiaren funtsezko ezaugarriak, zeregina, intereseko guneak eta planteamendu metodologikoei buruzko informazioa azaltzea jardueran parte hartuko duen ikasleei. Gainera, UPV/EHUk eskaintzen duen gizarte antropologiako graduaren inguruan oinarrizko informazioa emango zaie bertaratzen direnei.
  • Antropologiaren arlo aplikatuarekin zerikusia duen gune bat bisitatzeko aukera ematea (Donostiako san Telmo Museoa). Beti ere ikasleek gizarte antropologiak duen perfil profesionala edo praktikoa ezagutzeko asmoz.

Honako gaiak eta edukiak lantzen dira:

  • Zer da antropologia? Diziplinaren jatorriak. Espezifikotasuna eta beste gizarte zientziekiko loturak. UPV/EHUko Gizarte Antropologia graduaren aurkezpena.
  • Kulturaren kontzeptua. Definizioak. Kultura: ikasia, partekatua, sinbolikoa. Unibertsalitatea, orokortasuna eta berezitasuna. Etnozentrismoa, erlatibismo kulturala eta giza eskubideak.
  • Zer aztertzen du antropologiak? Azpi-diziplinak eta azterketarako eremu nagusiak: Zertzuek arazo kezkatu eta kezkatzen dituzte antropologoak?
  • Antropologia aplikatua: Jatorriak eta ezaugarriak. Garapen eremuak eta egungo egoera. Dilema etikoak.

 

Egingo diren ekintzak

Proposatutako jarduera bi ekintzen bidez burutuko da. Hasieran gizarte antropologiari loturiko oinarrizko nozio teoriko batzuk aurkeztuko zaizkie parte hartzaileei. Honen bitartez, ikasleei gizarte antropologiaren inguruko oinarrizko hurbilpen eskaini nahi zaie. Hori dela eta, antropologiaren definizioa, bere ezaugarri nagusiak, bere funtsezko lan eremuak eta ohiko metodoak azalduko dira laburki. Gainera, UPV/EHUk eskaintzen duen Gizarte Antropologiako graduaren oinarrizko ezaugarriak aurkeztuko dira.

Ondoren, gizarte antropologiari loturiko aplikazio zentro bat bisitatuko dute ikasleek, esan den moduan, Donostiako San Telmo museoa aukeratu da. Bi taldetan banatuta egingo da bisita. Bertan gauzatuko dira jardunaldiaren inguruko ekintza guztiak, horrela ikasleek museoak gizarte antropologiarekin duen lotura ikusi ahal dutelarik (ez bakarrik edukiei dagokionez, baita ere, museoaren diseinua, antolaketa eta kudeaketa dagokionez).