NORMATIVA DE CONTRATACIÓN

KONTRATAZIOARI BURUZKO ARAUTEGIA

Oro har, honako xedapen hauek dira aplikatu beharrekoak:

  • 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa, Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/UE eta 2014/24/UE zuzentarauak espainiar ordenamendu juridikora ekartzekoa.
  • 817/2009 Errege Dekretua, maiatzaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/07 Legea partzialki garatzen duena.
  • 1098/2001 Errege Dekretua, urriaren 12koa, Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorra onartzen duena, eta abuztuaren 28ko 773/2015 Errege Dekretuak aldatu zuena, zenbait agindu aldatzen dituena.

Euskal Herriko Unibertsitatearen arloan:

  • 17/2011 Dekretua, Otsailaren 15ekoa, zeinaren bidez onartu ziren Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak
  • EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko dena.
  • 1/2022 Instrukzioa, 2022ko ekainaren 27koa, UPV/EHUko Gerentearena, UPV/EHUn kontratazio txikia kudeatzeari buruzkoa.

KONTRATU MOTAK

UPV/EHUn gehien erabilitako administrazio kontratuak honako hauek dira:

  • Obra kontratuak, obra bat egiteko edo SPKLren I. eranskinean zerrendatutako lanen bat egiteko
  • Hornidura kontratuak, produktuak edo ondasun higikorrak erosteko.
  • Zerbitzu kontratuak. SPKLren 17. artikuluaren arabera, kontratu horien bidez, prestazioak egiten dira, jarduera bat gauzatzeko xedea dutenak edo obraz edo horniduraz besteko emaitza lortzera bideratuta daudenak. Horien barruan kontratistak zerbitzua modu jarraituan eta unitate prezioaren arabera egin beharrekoak sartzen dira.
  • Herri lanen kontzesioko kontratuak. Horien bidez, kontzesiodunak obra kontratuaren objektua definitzen duten prestazioetako batzuk egiten ditu, horien barruan sartuta eraikinak birgaitzeko eta konpontzeko lanak, eraikitako elementuen kontserbazioa eta mantenimendua, eta haren aldeko kontraprestazioa, berriz, obra ustiatzeko eskubidea izaten da. Eskuarki, kontzesiodunak kanon bat ordaindu behar dio unibertsitateari kontrapartida gisa.
  • Zerbitzuen kontzesiorako kontratuak. Horien helburua da kontzesiodunak obra exekuzioaz besteko zerbitzuak ematea eta kudeatzea, eta horren kontrapartida kontratuaren objektu diren zerbitzuak ustiatzeko eskubidea da. Eskuarki, kontzesiodunak kanon bat ordaindu behar dio unibertsitateari kontrapartida gisa.

UPV/EHUn erabilitako kontratu pribatuak honako hauek dira:

  • Finantza zerbitzuen eta aseguruen kontratuak.
  • Aldizkarien, aldizkako argitalpenen eta datu baseen harpidetzak.

ESLEITZEKO PROZEDURAK

SPKLren 131. artikuluak bost esleipen prozedura jasotzen ditu, eta sailkatzen ditu, alde batetik, erabiltzeko suposamendu espezifikorik behar ez duten prozedurak (irekia eta murriztua), eta, bestetik, SPKLan tasatutako suposamenduetan bakarrik erabil daitezkeen prozedurak (negoziazio bidezko lizitazio prozedura, publizitatearekin edo gabe, lehia elkarrizketa, eta berrikuntzarako elkarketa).

UPV/EHUk gehien erabilitako esleipen prozedurak honako hauek dira:

Prozedura irekia: prozedura honetan, kontratuan interesa duen enpresa orok eskaintza aurkez dezake. Ez dago ez negoziaziorik, ez elkarrizketarik lizitatzaileekin.

Prozedura honek hainbat modalitate dauzka, eta kasu bakoitzean erabili ahal izango dira bakar-bakarrik jarraian zehaztutako baldintza hauek ematen badira:

  • Prozedura irekia: edozein kontratu esleitzeko erabil daiteke, haren balio estimatuaren zenbatekoa edozein dela ere.
  • Prozedura ireki sinplifikatua: soil-soilik erabiliko da 2.000.000,00 euroko edo hortik beherako balio estimatuko kontratuetan, obren kasuan, eta, 100.000,00 euroko edo hortik beherakoetan, zerbitzu eta horniduren kasuan. Funtsean irizpide objektiboen bidez esleitu beharko dira, aplikatzeko balio judizio bat egitea eskatzen duten irizpideen haztapena ezin delako izan % 25 baino handiagoa, prestazio intelektualen kasuan izan ezik, zeinetan % 45era arte igotzeko aukera izango baita.
  • Prozedura ireki sinplifikatua, obra kontratuaren balio estimatua 80.000,00 eurotik beherakoa denean, eta hornidura eta zerbitzuen kontratuena, berri, 35.000,00 eurotik beherakoa: Formulen aplikazio hutsen bidez zenbatu daitezkeen esleipen irizpideen bidez esleitu beharko da. Prozedura hau ezin da erabili izaera intelektualeko prestazioetan.

Prozedura negoziatua: Prozedura honetan, publizitatearekin edo gabe eginda ere, negoziazio bat eman behar da, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuan enpresa bakar batek parte hartzeko aukera eragotzi gabe; negoziazioa ahal denean bakarrik egingo da.

Administrazio baldintza zehatzen orrian negoziazio esparrua kontratuaren objektu diren alderdi ekonomikoen eta teknikoen inguruan mugatu behar da. Ez dira negoziagarriak, ez kontratuaren objektua den prestazioaren gutxieneko baldintzak, ez eskaintzak baloratzeko erabiliko diren eta administrazio baldintza zehatzen orrian jasota dauden esleipen irizpideak.

Negoziazio bidezko lizitazio prozedura erabili ahal izango da, SPKLren 167. artikuluan jasotako suposamenduetan. Eta publizitaterik gabeko negoziatua, berriz, soilik SPKLren 167. artikuluan jasotako suposamenduetan erabiliko da.

Era berean, negoziazio bidezko lizitazio prozeduran, kontratua eskuratzeko interesa duten enpresa guztiek parte hartzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute. Kontratazio organoak administrazio baldintza zehatzen orrian eskatutako ahalmen eta kaudimen baldintzak betetzen dituzten enpresak gonbidatuko ditu, negoziatu beharreko proposamena aurkez dezaten, non eta ez den erabaki orrian bertan hautapen irizpide batzuk ezartzea, eskaintza aurkeztera gonbidatuko diren enpresen kopurua mugatzeko; hala balitz, gutxienez hiru hautagai gonbidatu beharko dira.

Aldez aurretik iragarki bidezko publizitaterik ez duen prozedura negoziatuan, kontratazio organoak lehendik gonbidatutako enpresek edo enpresak –gaitzen duen suposamenduaren arabera– aurkeztuko du(te) eskaintza

KONTRATU TXIKIAK

Kontratu txikiaren bidezko kontratazioa egin daiteke, baldin eta jarraian aipatutako baldintzak betetzen badira.

40.000 eurotatik beherako balio zenbatetsia duten obra kontratuak (BEZ gabe) eta 15.000 eurotatik beherako balio zenbatetsia duten hornidura eta zerbitzu kontratuak (BEZ gabe).

UPV/EHUk 50.000 euroko edo hortik beherako balio zenbatetsian (BEZ gabe) egindako hornidura eta zerbitzu kontratuak, baldin eta ikertzeko, ezagutza transferitzeko eta berrikuntza jarduerak egiteko badira –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 4ko 14/2011 Legean aurreikusitako baldintzetan– eta zerbitzu orokorretara eta azpiegituretara bideratzen ez badira, 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen (2018ko uztailaren 4ko BOEa) azken xedapenetako berrogeita laugarrenaren arabera, zeinak berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarriaren bidez SPKLa aldatzen baitu.

Kontratu hauek ezin dira izan urtebetetik gorakoak eta ezin daitezke luzatu. Arau orokor gisa, kontratu txikia erabiliko da baldin eta premia puntual, noizbehinkako eta zehatzak, zeharo definitutakoak eta larriak bete behar badira.

Hona, kontratuok behar dituzten baldintzak:

  1. Kontratazio organoaren txostena, kontratuaren beharra arrazoituz.
  2. Justifikatu beharko da kontratuaren helburua ez dela bestelakotu, kontrataziorako arau orokorrak aplika ez dakizkion, eta kontratistak ez duela beste kontratu txikirik sinatu, aipatutako zenbatekoak banaka edo guztira gaindituko duenik. Kontratazio organoak egiaztatu behar du arau hori bete egiten dela.
  3. Gastua onartu eta legokiokeen faktura ere gehitu.
  4.  Kontratu txikien inguruko informazioa, gutxien dela, hiruhilekoan behin argitaratu beharko da. Kontratu mota honetarako argitaratu beharko den informazioak jasoko du, gutxienez, kontratuaren helburua, iraupena, adjudikazio zenbatekoa, balio erantsiaren zerga barne dela, eta esleipendunaren identitatea, kontratuak esleipendunaren identitatearen arabera ordenaturik.

Aurreko pasarteak aipatutako argitalpenetik salbuetsita egongo dira bost mila eurotatik beherako balioa luketen kontratuak, beti ere kutxa finkoko aurrerapena edo ordainketa txikiak egiteko antzeko sistema erabilita ordaintzen badira.

1. eta 2. baldintzak ezingo dira eskatu, baldin eta kontratuen ordainketa kutxa finkoko aurrerapen sistemaren edo ordainketa txikiak egiteko antzeko beste baten bidez egiaztatzen bada, betiere kontratuaren balio zenbatetsia 5.000 eurotik beherakoa bada.

KONTRATAZIOAREN KUDEAKETA: PROZEDURAREN FASEAK

Kontratazioa kudeatzeko prozesua UPV/EHUrentzat gastua dakarten kontratazio guztiak justifikatu behar dira, eta kreditu egokia eta nahikoa eduki behar dute (SPKLren 28. eta 166. artikuluak). Hasiera batean, obrak emateko kontratuek eta zerbitzuak emateko kontratuek ez diote UPV/EHUri gasturik sortzen, enpresa kontratisten ordainsaria erabiltzaileek ordaintzen dutenetik baitator. Labur esanda, kontratuetan enpresa kontratistak aukeratzeko prozedurak fase hauek ditu:

Prestatzeko fasea

A) Espedienteen promotoreek aurkeztu beharreko dokumentuak:

1. Kontratuaren beharra, kontratazioaren egokitasuna eta eraginkortasuna, eta kontratazioaren objektuarekiko harreman zuzena, argia eta proportzionala (SPKLren 28. art. eta 116.4 art. e) letra) justifikatzeko memoria: adierazi behar da zer nahi den kontratatu, zergatik, zertarako eta zergatik komeni den hori kontratatzea.

2. Bitarteko gabeziei buruzko txostena (zerbitzu kontratuak) (SPKLren 116.4 artikuluaren f) letra)

3. PTT (SPKLren 116.3 art.).

4. Kontratazioa bultzatzen duen zerbitzuko teknikariak izenpetutako adierazpena, non gutxienez honako hau adieraziko baita: “baldintza teknikoen orrian jasotako baldintza teknikoak kontratazio publikoari buruzko arauan ezarritakoaren arabera daude idatzita; beraz, eragile ekonomiko interesdun orori kontratazio prozeduran berdintasun baldintzetan parte hartzea ahalbidetzen zaio eta lehiari ez zaio inolako trabarik jartzen justifikaziorik gabe.

5. Kontratuaren objektua pertsona fisikoek (herritarrek oro har edo botere esleipendunaren langileak) erabili beharreko prestazio bat bada, adierazpen horri honako hau gehitu beharko zaio: “baldintza horiek SPKLren 126.3 artikuluan aipatutako irisgarritasun irizpideak betetzen dituzte”.

6. Gainera, kontratuaren objektuak ingurumenari eragiten badio edo eragin badiezaioke, hau gehituko da: “baldintza teknikoak ingurumen jasangarritasun eta babes irizpideak aplikatuta zehaztu dira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoa) bere 3. eta 4. artikuluetan araututako definizio eta printzipioen arabera”.

7. Kreditu nahikoa egotearen egiaztagiria (SPKLren 116. 3 art.). Kontratuak UPV/EHUrako gasturik badakar, kontabilitateko izapidea egingo da, kreditua erreserbatzeko (“A” kontabilitateko agiria). Kontratuaren exekuzioa urtebete baino gehiago luzatzen bada edo haren exekuzioa kontratazioaren izapideak hasi eta hurrengo urtean hasten bada, eraginpeko urtealdietan kreditua dagoela adierazten duen ziurtagiria izan beharko da.

8. Eskatutako sailkapenaren eta/edo kaudimen baldintzen justifikazioa (ekonomikoa eta finantzakoa – teknikoa edo profesionala) (SPKLren 116.4 artikuluaren b) eta c) letrak) (Giza baliabideen edo baliabide materialen atxikipena barne). Ekonomia kaudimenaren eskakizun gisa, balio zenbatetsiaren halako bat eta erditik gorako negozio bolumena justifikatu beharko litzateke urtean (SPKLren 87. artikuluaren a) letra).

9. Esleipen irizpideen aukeraketaren justifikazioa: zer abantaila dituzte irizpide horiek eskaintza onenera iristeko; zergatik erabili behar da irizpide hori eskaintzak baloratzeko. Era berean, justifikazio memoriaren sinatzaileak adierazi beharko du irizpide horiek SPKLren 145.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

10. Esleipen irizpideak baloratzeko formulen aukeraketaren justifikazioa (SPKLren 146.1 artikuluaren b) letra). 11. Kontratuaren balio zenbatetsiaren kalkuluaren justifikazioa, hura osatzen duten kontzeptu guztiak aipatuta (laneko kostuak ere sartuta, halakorik balego) (SPKLren 116.4 artikuluaren d) letra).

B) Kontratazio zerbitzua

1. Kontratazio Organoaren erabakia espedienteari hasiera emateko.

2. PCAP (SPKLren 116.3 art.). “Kontratauren klausula espezifiko batzuei buruzko informazioa” duten eranskinak behar bezala beteta aurkeztu behar dira.

3. Hautatutako esleipen prozeduraren justifikazioa (SPKLren 166.4 artikuluaren a) letra eta 116.3 artikulua).

4. Espedientea onartzeko erabakia (SPKLren 117. artikulua).

5. Lizitazioa EBAOn argitaratzea (SARA kontratua bada, beti, eta SARA kontratua ez bada, aukeran) eta kontratatzailearen profilean. Horrez gainera, EBAOra bidaltzearen dataren justifikazioa (SPKLren 135. art.). Espedientea onartzeko erabakia (SPKLren 117. artikulua).

Lizitazio, esleipen eta formalizazio fasea

1. Eskaintzak aurkeztea, adierazitako epean.

2. Kontratazio mahaiaren bilerak, aktetan jasota geratuko direnak.

3. Eskaintzen balioespena eta sailkapena.

4. Kontratazio Mahaiaren txosten teknikoak eta proposamenak.

5. Esleipenerako hautatuak izan direnek dokumentazio aurkeztea.

6. Esleitzea eta esleipenaren emaitza argitaratzea eta jakinaraztea. Une horretan, kreditu eskuragarritasunaren kontabilitate izapidea egingo da (kontabilitateko “D” agiria).

7. Kontratistaren eta UPV/EHUren arteko kontratua formalizatze eta formalizazioa argitaratzea.

Exekuzio faseak

1. Kontratua betetzea, adostutako epean edo epeetan.

2. Obra, hornidura edo lana onartzea, onarpen aktaren sinaduraren bidez.

3. Prezioa ordaintzea, adostutako baldintzetan (une honetan, ordainketa aginduaren kontabilitateko izapidea egingo da: kontabilitateko “O” agiria).

4. Berme epea, hala behar izanez gero, kontratuak betetzen direla bermatzeko utzitako behin betiko fidantzak itzuliko dira. Hurrenkera horretan gorabeherak sortzen dira askotan enpresa esleipenduna hautatzeko tramitazioan (errekurtsoak), bai eta kontratuak exekutatze fasean direnean ere (exekuzio epea bertan behera utzi ustekabean etorritako egoerengatik, exekuzio epea gehitzea, kontratua aldatu edo kontratu klausulak bete ez). Gorabehera horiek beren tramiteak eskatzen dituzte, eta Kontratazio eta Erosketen Zerbitzuaren bidez egin behar dira.