Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

SARRIONANDIA, JOSEBA

(Iurreta, 1958)
Amaia Serrano

Bizitzaren zertzeladak

Gaur egun adin ezberdinetako euskal irakurleen artean oso estimatua den idazlea 1958ko apirilaren 13an jaio zen Iurretan. Haurtzaroaren zati handi bat, aitzitik, Durangon bizi izan zuen, bere herritik gertu.

Egokitu zitzaion garaiak markatuta utzi zuen; haurtzaroan zein gaztaroan bizi izan zituen egoerak erabakigarriak izan ziren, bai bizimoduan, bai eta idazketan ere.

Urte horietan Durangoko kaleetan gazteleraz egiten zen eta Sarrionandia, etxean euskara entzunagatik, lagunekin erdaraz aritzen zen, lehenagotik zetorren ustea beregan ere zabaldua baitzen: euskara baserriarekin edo abertzaletasunarekin lotua zegoen. Horrek, ordea, ez zuen lasai utzi iurretarra, aitona-amonekin hitz egiteko izandako zailtasunak oraindik ere gogoan ditu, haiek euskara hutsean aritzen baitziren eta, ordurako, Sarrionandiak euskara ahaztua bide baitzuen (Etxeberria, 2002: 277-79).

Frankismoaren politika-giro zail hartan, Sarrionandiak bere bizitza baldintzatuko zuen erabakia hartu eta hemeretzi urte zituela ETAn sartzea deliberatu zuen, zeren, haren aburuz, “borroka armatuan parte hartzeko erabakia (…) errepresioaren kontra ekiteko modua [bait]zen batez ere” (ib. 300). Hiru urte beranduago, ordea, preso hartu zuten, hogeita zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. 1985eko uztailaren 7an, baina, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen Iñaki Pikabearekin batera, Imanol Larzabal musikariaren bozgorailuetan ezkutatuta. Gertakari hori, jakina, ez zen oharkabean pasa eta Kortatu taldeak “Sarri, Sarri” kanta ezaguna sortzeaz gain, bere obren harreran ere eragina izan duela esan liteke. Ordutik hona iheslari bizimodua du, egun bere kondenak preskribatu duen arren. Ildo horretan, Azkorbebeitiak dio “urteekin misterio-halo batez inguraturiko idazlearen irudia gorpuztuz joan dela(rik) eta sendotuz, urruntasunaren gainetik, berarekiko lotura afektiboa” (1997: 9). Joseba Gabilondoren arabera, ordea, gertakari horren ondorioz, Sarrionandiaren maila literarioa ez da behar bezala balioetsi, eta sistema politiko ofizialak bazterrean utzi duen moduan, kanon literariotik ere at geratu da idazlea, “ekonomikoki eta kulturalki arrakastatsu izan” arren (1993: 36).

Lehen irakurketetatik idazletzara

Gazte garaian, Sarrionandiaren inguruan ez zegoen irakurketa ohiturari,k eta bera izan zen, hamalau edo hamabost urte zituela, etxea liburuz hornitzen hasi zena. Gazte-gaztetatik filosofia maite zuen, eta erosi zuen lehenengo liburuetako bat Herbert Marcuserena izan zen, Hegelen filosofiari buruzko saioa. Literaturari dagokionez, aldiz, Nabokov izan zen irakurri zuen aurrenetakoa. Euskal literaturara Orixe eta Gabriel Arestiren bidez gerturatu zen; azken horren lan elebiduna hagitz iraultzailea iruditu eta izugarri gustatu zitzaion. Badira gogoko zituen beste bi euskal idazle ere, batetik Yon Etxaide, batez ere Joanak joan eleberria berezia egin zitzaiolako; eta bestetik, Jon Mirande, perfekzio formalagatik zein garaiko euskal gizarteko baloreen aurka altxatzeagatik. Horiez gain, 70eko hamarkadan oso ezagunak egin ziren Saizarbitoriaren 100 metro, Izagirreren Zergatik bai, Atxagaren Ziutateaz eta Etiopia lanek ere izan zuten eragina Sarrionandiarengan (Etxeberria, 2000: 278, 280, 289, 292, 293).

Euskal Filologiako ikasketak Deustuko Unibertsitatean burutu ondoren, Fonetikako irakasle izan zen UNEDen eta Udako Euskal Unibertsitatean. Hala ere, idazteari gaztetatik ekin zion, ipuin eta saiakera filosofiko motz batzuk gazteleraz eginda. Lehen saio horien ostean, berriz, euskaraz idazteko lehen aukera Gau Eskolan etorri zitzaion, bertako irakasleak Argia aldizkarirako zer edo zer idazteko eskatu zionean hain zuzen ere. Une hartatik gaurdaino liburu ugari argitaratu ditu, nahiz eta Sarrionandiak ez duen bere burua ofiziozko idazletzat hartzen (ib. 284, 286; Urkizu, 1996: 565).

Literaturaz gozatzeko aukera izateaz gain, hura konpartitu eta eztabaidatzeko beta izan zuen 1977an sortutako Pott bandarekin. Eratutako taldearen asmoa argitaletxe bat sortzea zen, baina diru falta zela eta, aldizkari bat argitaratzen hasi ziren (bost ale atera zituzten). Partaide bakoitzak bere lana egin ostean, besteek gainbegiratu egiten zuten. Gainera, euskal literaturari dagokionez, talde horrek zituen zaletasun komunen artean Jon Mirandeganako miresmena zegoen. Izan ere, idazle paristarraren literatura-kalitatea, heterodoxia, izaera eta, oro har, garaiko mugimenduaren aurka egiteko izan zuen ausardia eta euskal literaturara ekarritako modernitatea aski izan ziren taldekideek haren ekarpena goraipa zezaten (Aldekoa, 1998: 165). Dena dela, Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Jon Juaristi, Joxemari Iturralde, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia biltzen zituen taldea ez zen etxera begira gelditu, Europako mendebaldea zitzaion erakargarri, eta hura ekarri nahi izan zuten euskal literaturara. Taldekideengan, Sarrionandia tarteko, nabarmenak dira europar literaturaren eragin horiek.

Halako lagunartean aritzeaz gain, Sarrionandiak ez zion muzin egin bakarkako lanari eta Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Oh Euzkadi!, Ibaizabal aldizkarietan eta Egin egunkarian parte hartu zuen.

Lehenagotik ere idazten zuen arren, idazle bizkaitar honi 80ko hamarkadan zabaldu zitzaion famarako bidea, urte hartan bertan hiru sari jaso zituen eta: Arabako Diputazioak banatutako Ignacio Aldecoa saria Maggie, indazu kamamila ipuinagatik, Bilboko Udalak emandako Bilbo Hiria saria Enperadore Eroa ipuinagatik, eta Azkue Saria Izuen gordelekuetan barrena poesia liburuagatik.

Hortik aurrera etenik gabe argitaratu du Sarrionandiak, ia genero guztiak landu ditu: saiakerari dagokionez Ni ez naiz hemengoa (1985), Marginalia (1988), Ez gara gure baitakoak (1989), Hitzen ondoeza (1997) Akordatzen (2004); haur literaturan Izeba Mariasunen ipuinak (1989), Ainhoari gutunak (1990), Harrapatutako txorien hegalak (2005), Munduko zazpi herrialdetako ipuinak (2008) eta Gau ilunekoak (2008); helduentzako narraziogintzan Narrazioak (1983), Atabala eta euria (1986) eta Ifar aldeko orduak (1990) trilogia, Ez gara geure baitakoak (1989), Han izanik hona naiz (1992), Miopea, bizikletak eta beste langabetu batzuk (1995), Lagun izoztua (2001) eta Kolosala izango da (2003); eta poesian Marinel zaharrak (1987), Gartzelako poemak (1992), Intxaur azal baten barruan eta Eguberri amarauna (1983), nahiz eta azken horretan lehenengo atala narrazio laburra izan, Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995) (1995), egileak berak errezitatutako olerkiak eta musika taldeek abestutako bere poesiak biltzen dituen Hau da ene ondasun guztia (1995) liburu-diskoa eta XX. mendeko poesia kaierak – Joseba Sarrionandia (2002). Halaber, Sarrionandiak inkontzientean gorderik edukitako olerkiak itzuli ditu bi antologiatan: Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985) eta Hezurrezko xirulak (1991). Horrezaz gain, T. S Elioten The Wast Land (Lur eremua, 1983), nola Fernando Pessoaren O marinheiro (Marinela, 1985) hala S. T. Coleridgen The Rime of the Ancient Mariner (Marinel zaharraren balada, 1995) ere itzuli ditu, bai eta Hamahiru ate (umore beltzaren antologia) (1985), Poemas naufragos (galegoz heldutako poemak) (1991) eta Manuel Bandeira. Antologia (1999).

Lehenago aipatu sariez gain, Kritika Saria jaso zuen euskaraz idatzitako narratiba alorrean, bai 1986an Atabala eta euria liburuagatik eta, baita 2001ean ere, Lagun izoztua lanagatik.

Ikusten denez, Sarrionandiaren obra zabala eta aberatsa da eta, ipuinen antologietan bere lanen bat topatzea ez da arraroa, esate baterako, Lasagabasterren Antología de la narrativa vasca actual (1986) delakoan, Aldekoaren Antología de la poesía vasca. Euskal poesiaren antologia (1993) lanean edo Olaziregiren Pintxos. Nuevos cuentos vascos (2005) bilduman.

Bestalde, idazlearen arrakasta neurtzeko, idazle iurretarrak izan duen harreri begiratzea besterik ez dago. Oroit dezagun Narrazioak 1983ko Durangoko Azokan liburu salduenen artean egon zela, eta hiru hilabetera agorturik zegoela (Azkorbebeitia, 1997: 10).

Poeta gailegoen eta euskaldunen eragina izateaz gain, J. Swift irlandarraren, Coleridge ingelesaren, Melville, Poe, Eliot eta Faulkner estatubatuarren, Gottfried Benn alemaniarraren, Kavafis greziarraren, Cesare Pavese italiarraren eta beste hainbeste idazleren zantzuak ere suma daitezke Sarrionandiaren lanetan.

Idazle askorentzat ez ezik, hainbat irakurlerentzat ere erreferentzia bihurtu da Joseba Sarrionandia. Izan ere, iturri anitzetatik edaten duen egilea izateak haren lanek kolore ezberdinak islatzea dakar.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (1998): Mendebaldea eta narraziogintza. Erein. Donostia. 157-176.

AUÑAMENDI ENTZIKLOPEDIA. Ultimas tendencias. http://www.euskomedia.org/aunamendi/18127/122451?q=sarrionandia&partialfields=fondo%3Aau%25F1amendi&numreg=12&start=10 [kontsulta: 2009/12/11].

AZKORBEBEITIA, Aitzpea (1997): Joseba Sarrionandia, irakurketa proposamen bat. Labayru. Bilbo

ETXEBERRIA, Hasier (2002): Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Alberdania. Irun. 277-350.

GABILONDO, Joseba. 1993. “Kanonaren sorrera egungo euskal literaturan. Etiopia-z”. Egan. XLV. 33-65.

IBARGUTXI Otermin, Felix. Joseba Sarrionandia Uribelarrea. Auñamendi entziklopedia. Online: http://www.euskomedia.org /aunamendi/104752?q=sarrionandia&partialfields=fondo%3Aau%25F1amendi&numreg=2&start=0 [kontsulta: 2010-01-24].

JOHNSON, Diarmuid (arg.). Joseba Sarrionandia in Transcript aldizkaria, 20zbk. http://www.transcript-review.org/fr/issue/ transcript-20-le-pays-basque/joseba-sarrionandia- [kontsulta: 2009/12/11].

URKIZU, Patri (1996): “A propósito de Ni ez naiz hemengoa ‘No soy de aquí’ de Joseba Sarrionaindia”. UNED. Madril. 567-574.

??

??

??

??

4

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus