Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MEABE, MIREN AGUR

(Lekeitio, 1962)
Jon Kortazar

Miren Agur Meabe Lekeition jaio zen 1962an. Maistra ikasketak egin zituen Derioko Irakasle Eskolan (1983), eta Kirikiñoko ikastolan bederatzi urtez lan egin ondoren, Giltza-Edebé argitaletxeko Euskal Herriko zuzendaritza hartu zuen 1992an, editore lanetan aritzeko.

Idazle gisa, arlo bitan da ezaguna: poesian eta haur eta gazte literaturan. Landu ditu beste genero batzuk ere: ipuingintza, adibidez. Sail honetan eman zuen argitara bere lehen lana: Uneka… gaba (1986), non nabariak diren sinbolismoaren zantzuak eta ondoren, postmodernitateak eratuko duen ideia nagusi bat: uneak bakarrik bizi ditugula eta uneak bizi gaituela. Momentuaren nagusitasuna zabaltzen da testuan zehar eta, ideia nagusi horri bidea emateko, Miren Agur Meabek hizkera lirikotik hurbil dagoen idazkera aukeratu zuen. Nitasunari nagusitasuna eskainiz, liburuaren atarian hauxe idazten du:

“Gai aldetik, fatalismoak ikututako historiak, niaren inguruko bakardade, tristezi eta barru egoeren azalpen erreza. Jarrera adoleszenteegiz akaso. Azaletik, metafora eta konparaziozale, beti zelanbaiteko bizipen sentimentalen gogoerazle izan nahirik” (1986, 7).

Ondoren, poesiaren uretan murgildu zen Meabe, eta Lasarte-Oriako Udalaren Saria irabazi zuen (1991), gerora askoz ezagunagoa izango zen Oi hondarrezko emaikaitz lanarekin. Peneloperen mitoaren inguruko poema bilduma da, ezezaguna bere lehen argitalpenean, bigarrena Idatz & Mintz Labayru Ikastegiko aldizkariak argitaratu zuen, gehigarri gisa (1999), nahiz eta liburuko poema batzuk Miren Agur Meaberen poema libururik ezagunenean, Azalaren kodea (2000) deiturikoan, eraberriturik agertu.

Hizkera barrokoan emakumearen identitateaz ari da Meabe liburuan. Lehen liburu horrekin harturiko bideak gailurra jotzen du Azalaren kodean.

Lan horretan, bere poetikak adierazten duenez, gorputzean oinarrituriko kode berri bat, hizkera berria aurkeztu nahi du lekeitiarrak. Liburuaren sailen izenburuek ere adierazten dute gorputzaren azalean egindako idazkera desberdinak zein diren: “Orbainak”, “Tatuajeak”, “Kontrazeinuak” keinuz eta maitasunez egindako hizkera berritua dakar egileak. “Oharrak” sailean, berriz, egileak zehaztasunaren, laburtasunaren eta zuzentasunaren aldeko estiloan dabilela egiaztatzen du.

Halaxe dio liburuko poemarik ezagunenak:

“Bestelako kodea aldarrikatu nahi dut:

hitzarena ez bezalako kodea,

hizkera ez-hitzezkoa,

oroimenean kondenatu ezineko lengoaia,

zinak gezurta ditzakeen berbakera,

erreklamazio-libururik eta

tarifa-zerrendarik gabeko mintzo mutua,

mezu anbiguoaz itxuraturiko jario askea,

adierazi gura ez denaren adierazpidea”. (2000, 77)

Hizkera berri horrek zerikusia du keinuz osatzen den komunikazio nahiarekin, eta nahiz eta hitzez ematen den, emakumearen gorpuzkerari loturik agertzen da.

Egunerokoa eta egilearen bizitza arrunta dira poemen abiapuntua eta abiapuntu horretatik komunikatu nahi du esan ezin den hori. Gorputzaren erotismoan erroturiko poesia sortzen duen unetik, Meaberen mundua kritika feministaren ardurapean geratu da (Retolaza 2009).

Lana gazteleraz, katalanez eta zatika ingelesez emana dago, bai edizio berezietan, bai antologietan ere.

Poesiaz gain, bigarren bide bat ere aukeratu du Miren Agur Meabek: Haur eta gazte literatura. Arlo horretakoak dira: Bisita (2001), Joanes eta Bioletaren bihotza (2002), Etxe bitan bizi naiz (2003), Nola zuzendu andereño gaizto bat (2003), Amal (2003), Supositorioak otsoarentzat (2006) eta Izar bat zopan (2008). Ikusten denez, 2000tik aurrera, poesia lana argitaratu ondoren, sortzen da Miren Agur Meaberen traiektoria sendoa. Liburu horietako batzuen katalanezko, gaztelaniazko eta galegozko bertsioak ere badaude.

Gazte literaturan, baina, izan du oihartzunik zabalena. Lan bi argitaratu ditu eta biek irabazi dute Euskadi Saria. Halaber, biak itzuli dira gaztelaniara.

Itsaslabarreko etxea (2001) genero-literaturan koka dezakegu; abentura, bilaketa eta izuaren aldeko lana da. Urtebete itsasargian (2006) nobelak, ordea, gerra zibila kontatzen digu, mutiko baten ikuspuntutik. Agian, Joseba Sarrionandiaren lana gogora ekartzen badu ere, Miren Agur Meaberen lanak askoz ere arreta handiagoa jartzen die eguneroko bizitzaren pasarteei eta gaztearen sentiberatasunari, maitasunaren ezagutza barne.

Meaberen azken emaitza, hain zuzen ere, gazte poesiaren generoan agertu da. Zer da, ba, maitasuna? (2008), maitasunaren inguruko poemez osaturik dago, berriro ere egileak matizaziorako duen trebezia erakutsiz.

BIBLIOGRAFIA

ERKIAGA, E. (1987): “Uneka…gaba”. Idatz & Mintz. 12

KORTAZAR, Jon (2006): “Miren Agur Meabe. La nueva lengua ” in Montañas en la niebla. Poesía Vasca de los años 90. DVD Ediciones. Bartzelona. 71-80.

RETOLAZA, Iratxe (2009): “Azalaren kodea (2000)” in Egungo euskal poesiaren historia. UPV-EHU Argitalpen zerbitzua. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus