Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LATSIBI (1989)

Resurrección María Azkue
Axun Aierbe

Azkueren Latsibi mende hasieran idatzia izan arren, argitaratu gabe egon da 1989ra arte, urte horretan eman baitzuen argitara Labayru ikastegiak Euskaltzaindiarekin batera. Ordura arte Euskaltzaindiaren liburutegian egon zen liburua, baina argitaratu gabe.

Nobela hau noiz idatzi argitzea ez da kontu erraza. Izan ere, Labayruren argitalpenari eginiko hitzaurrean Villasantek dio idatzi eta mende bat igaro dela gutxi gorabehera argitaratu arte (1989: XIV). Horretarako aintzat hartzen duen datuetako bat da liburuaren gaia, eta badirudi bestea dela liburuaren lehen atalean ageri den data –baina ezin ahantz genezake fikziozko datak ez duela zertan bat etorri errealitatearekin. Villasanteri jarraiki, XIX. mendearen amaieran idatzitakoa dela pentsatu beharko genuke. Alabaina, Onaindiak dioenez, Ardia galdua amaitu ondoren idatzi zuen Latsibi Azkuek (1974), beraz pentsatzekoa da 1920 inguruan edo geroago idatzitakoa dela, baina dirurik ez-eta argitaratu gabe geratu zen idatzi ondoren. Alberdik ere 1930 inguruan edo hortik aurrera idatzia dela diosku (1989: XXXI).

Azkueren eleberririk luzeena da. Hogeita hamabost ataletan antolaturik dago, eta narratzaile orojakile baten eskutik, XIX. mendearen amaierako gertakari politiko-historiko batean oinarriturik abiatzen da, izan ere, 1890eko probintziako hauteskundeetan oinarriturik dago, Mungia inguruan karlistek gehiengoa lortu baitzuten Olanok egiaztatu duenez (1989: XVIII). Hori dela-eta, Mungian giroturik dago eleberria, baina Bilbo ere ageri da tarteka-marteka. Azkuek ez zituen bere lan guztiak euskalki berean idatzi, eta Latsibi bizkaieraz idatzi zuen, bizkaiera jasoan, hain zuzen ere.

BIBLIOGRAFIA

ALBERDI, Mirari (1989): “Argitalpenaren prestakuntza”. In Resurrección María AZKUE: Latsibi. Labayru Ikastegia & Euskaltzaindia. Bilbo.

ONAINDIA, Santi (1974): Euskal Literatura III. Etor. Donostia.

VILLASANTE, Luis (1989): “Hitzaurrea”. In Resurrección María AZKUE: Latsibi. Labayru Ikastegia & Euskaltzaindia. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus