« BASERRITAR NEKEZALEENTZAKO ESKOLIA (1816) | BATITA HAUNDIA (1994) » |
BATETIK BESTERA (1962)
Jakina dugunez, euskal eleberria modernitatera iritsi zen Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua lanaren eskutik 1957an. Jakin ere badakigu modernitatearen hurrengo mugarria, euskal eleberriaren berritze prozesua itxi zuena, Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberria dena, 1969an, hamabi urte geroago. Gerra ostetik euskal eleberri apurretan zenbait aldaketa hasi zen antzematen, ez nahikoak paradigma aldaketaz berba egin ahal izateko, eta 1957az gero modernitatean murgildu arren, aurreko joera ohiturazaleak artean indarrean zirauen. 1957tik 1968ra joan zen tarte luzean ere nagusi dugu aurreko joerari jarraiki argitaratu ziren hamabost eleberrietan. Hala ere, eleberriotan, tematikari dagokionez, behinik behin, barietate handiagoa nabaritzen zen.
Testuinguru horretan dugu Eusebio Erkiaga (Lekeitio, 1912-1993) bete-betean. Beharbada gerra osteko prosagile emankorrenetakoa eta euskara oparoenetakoa duena. Erkiagak adorez ekin zion eleberrigintzari 50eko hamarkadaren akabuan, aurretiaz, gerra aurreko sasoietan hasita, lekeitiarra artikulugile, antzerkigile eta olerkari ezaguna genuen jada. Arranegi 1958an, Araibar Zalduna 1962an eta Batetik bestera 1962an dira denbora tarte jakin batean Erkiagak argitaratu zituen eleberriak. Geroago etorri ziren Jaioko dira (1984), Txurio Txoria (1986) eta Irribarrea galtzen denean (1987). Aldi bi, nabarmenak, beraz, ezberdindu beharko lirateke Erkiagaren eleberrigintzan, kontuan hartuko ez bagenu Erkiagak denbora horretan guztian fidel eutsi ziola hasierako moldeari, joera ohiturazaleko eleberrian errotzen zen moldeari, alegia. Ezin esan Erkiagaren garapena handia izan zenik, traiektoria luzeko idazlea izan bazen ere. Edonola ere, lekeitiarraren lanak urrunxeago ditugu aurreko beste molde ohiturazale batzuetatik, zehazki, molde horren bariantea egin zuela esan beharko genuke, molde modernoagoetara herabeti lerratzen zena. Molde horrek hiri-nobela du izena.
Batetik bestera eleberria horrelakoa dugu, hiriko girora hurbildu baina estilo zaharra puskatzen ez duena. Batetik bestera. Galdu gordeko ibillerak 1961ean idatzi zuen eta urte horretan bertan “Domingo Agirre” nobela saria jaso zuen. Urte bete geroago, 1962an, argitaratu zuen Itxaropena argitaletxeak, Kuliska Sortan, 51 zenbakiarekin. 1985ean Labayruk beste edizio bat egin zuen Sutondoan bildumarako.
“Latseta” herrian, Lekeition, kokatu zuen egileak ekintzaren hasiera, liburuaren bigarren partean Bilbo eta Bartzelonara pasatzeko. Egileak berak aitortu zuen moduan, Nikanor “Zorrizto”, eleberriko pertsonaia nagusia, Lekeition ezagutu zuen mutil baten irudikapena izango litzateke. Hala ere, gainerako ekintzak, egoerak eta bestelako pertsonaiak egileak asmatu zituen. Liburuak zati bi ditu, eta zati bakoitzean, hamalauna ataletan gertatzen dira “Zorriztoren” galdu-gordeko ibilerak. Liburuaren banaketa, formaz zehatza bada ere, desorekaturik agertzen da ekintzaren garapenari dagokionez. Lehenengo zatia luzeegia da, eta ekintzak ez du aurrera egiten. Badirudi benetako eleberria bigarren zatian hasten dela. Lehenengo hamalau kapituluetan egileak Nikanor mutilaren aurkezpena egiten digu, artean gaztetxo koskorra zela. Kapituluotan egileak ez du aukerarik galtzen umezaroan bizi eta orain maldan behera abiatuta ikusten zuen bizimodu atsegina deskribatzeko. Idazkeran ere antzematen da liburuaren zati bien arteko aldea. Horrela, bada, zatiok bereiztearren adizki ezberdinak erabili zituen. Lehenengo zatian nagusi dira lehenaldiko aditzak, urruntasuna nabarmendu nahian. Bigarrenean, berriz, orainaldikoak nagusitzean, ekintza hurbilago antzematen da. Lehenengo zatian Nikanor aitzakiatzat hartuta egileak ume eta nagusien arteko aldeak deskribatzen ditu. Umeen amets, egitada eta bihurrikeriak. Horrela, egileak igarotako une baten testigantza ematen digu. Baina koskortu ahala, nagusien munduko gorabeherak ezagutuko ditu Nikanorrek: jauntxokeria, zekenkeria, azpi-jokoak; hala nola, lana eta maitasuna ere ezagutuko ditu. Nikanor herriko giro ilunean murgilduko da gogait egoteraino. Herria itogarri zaio, eta alde egiteko beharra sentitzen du. Liburuaren bigarren zatian Nikanor nora ezean ibiliko da. Izenburuak berak ongi erakusten duen moduan, protagonista batetik bestera ibiliko da. Hondamendira eta heriotzara eramango duen nora ezean murgilduko da. Lehenengoz Bilbon ibiliko da, “hiri nagusian”, txatarreru baten ondoan, eta bertan sozialismora hurbilduko da, Marx, gizarte-auzia, huelgak eta mitinak ezagutuko ditu. Ez du, ordea, luze iraungo bertan, eta lapurretan ibilita Bartzelonara, “hiri gorenera”, ihes egin, eta anarkismoarekin topo egingo han. Nikanor atzera ere liluratzen da, orduan. Dena dela, hemen ere ez du lasaitasunik aurkituko eta azkenean atxilotu egingo dute. Espetxean, gaixoturik damututa hilko da.
Ibilbide eta denboraren linealtasuna egilearen planteamenduaren agerkari argiak dira: protagonista zenbat eta hiritik hurbilago egon orduan eta hurbilago dago heriotzatik. Erkiagak eutsi egiten dio herriaren eta hiriaren arteko bikoiztasunari, aurkaritzan datzan bikoiztasunari. Ibilbide horrek asko du bidaia iniziatikotik, herritik hirira egiten duen bidaian Nikanor aldatu egiten da, zentzu ontologikoan aldatu ere, hasieran dugun gaztetxoa gizon bilakatzen da eta.
Batetik bestera eleberriari kutsu moralizatzaile handia dario, amaiera moralizatzailea lortzen du, protagonistaren damuarekin. Amaiera horretan egileak Nikanorren ibileraren laburpena egin eta eleberriak dakarren irakaspena ematen digu, txarto eginek dakarten ondorioaz konturatzea eta okerreko bidetik ibiltzeak sor dezakeen kaltea kontuan hartzea, alegia. Egileak protagonistaren bekatuak garbitzen ditu, Jesukristoren magalean ezarriko du azkenean, heriotzako orduan. Egilearen moralaren beste etsenplu bat sexua da. Sexu kontuak aipatzen baditu ere, emagalduak eta Nikanorren harremanak, beti ikuspegi atzerakoi eta moralizatzaile horretatik jorratzen ditu etengabe. Ikuspegiok urruntzen dute eleberria joera modernoetatik, eta eredu zaharretara hurbiltzen dute.
Pertsonaietan ere eredu zaharraren eragina antzematen da. Liburuaren lehenengo zatian egileak koadro herrikoia marrazten du. Koadro honetako pertsonaiak onen eta txarren artean banatzen dira, karlistak eta liberalak, kristau zintzoak eta fedegabeak… berriro ikuspegi manikeoa, beraz. Gainera, pertsonaiok ez dira batere landuak. Koadro horretan Nikanor da nabarmentzen den bakarra, ez asko, zeren ezin dugu erabat pertsonaia borobiltzat hartu, gehiago delako bere izatearen inguruan bueltan dabilen pertsonaia. Bere bilakaera lineala da, ez psikologikoa, eta sumatzen da aitzakia huts bat dela, egilearen ikuspegi ideologiko eta moralak plazaratzeko. Bigarren zatiko pertsonaiek, konparazio baterako, karakterizazio sakonagoa dute. Eleberria errealistagoa egiten den heinean, pertsonaiak benetakoagoak eta borobilagoak dira.
Narratzaileak ere joera ohiturazaleari jarraituta eraikitakoa da. Orojakilea izateaz gain, ekintzetan parte hartzen du, iritzia azalduz. Horrek, berez trinkoa den kontaera moteltzen eta astuntzen du. Aitzitik, ezin dira ukatu Erkiagaren dohainak narratzeko orduan. Deskripzioetan maisutasun handia erakusten du, gordinkeriaz beteta dauden pasartetan ere, eta elkarrizketetan ere erakusten du badakiela eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen. Izan ere, Erkiaga euskara oparoko idazlea dugu. Bere estiloari olerkigintzaren eragina dario, sarritan hizkera poetikoa nabarmentzen zaio. Ironia, konparaketak eta egitura paraleloak dira Erkiagak sarri erabiltzen dituen baliabideak. Baina,batez ere lexikoan eta esamolde jatorretan agertzen zaigu maisutasunez lekeitiarra. Erkiagak oso euskara aberatsa darabil, zaletasun handia erakusten du hitz baliokideak pilatzeko, eta oparo bezain zehatz agertu arren, aberastasun hau arazo bihurtzen da maiz, testuak astun eta irakurgaitzak egin baititzake. Batetik bestera funtsean bizkaieraz idatzita egonagatik ere, Erkiagak beste euskalkietako hitzak eta moldeak darabiltza nahastuta. Gainera, lexikoan ez ezik, esamolde jatorren erabileran ere oparo eta aberats azaltzen da. Euskalkiak, esamolde jatorrak, herri literatura, herriko hizkera bizia eta euskara zaharra dira Erkiagaren idazkera aberatsaren iturburuak.
BIBLIOGRAFIA
ERKIAGA, Eusebio (1985): Batetik bestera. Labayru Ikastegia. Bilbo.
MIELGO, Roberto (1995): Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza (1958-1964). Labayru Ikastegia. Bilbo.
« BASERRITAR NEKEZALEENTZAKO ESKOLIA (1816) | BATITA HAUNDIA (1994) » |