Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
098. Zutaz landa nenbilen udaberriz
Zutaz landa nenbilen udaberriz,
Apiril ñabarrek, galaz jantzirik,
zer oro gaztetzen zuela, irriz
Saturno astun dantzari jarririk.
Ez txintek ez lili eztiek, baina,
lurrrin eta margo anitzekoak,
zidaten eragiten gogo-zaina
biltzera ipuin zein lore aleak.
Ezin mirets nik lirio zuria,
ez arrosaren gorri mina gorets:
gozo ziren soilik, laket begira,
eredu zaren horren lagin markets.
Negua luze; zu, maite, hain urrun,
jostailu neuzkan, zure zantzu ilun.