Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
097. Zeinen negu antzo orduok itun
Zeinen negu antzo orduok itun
zu gabe, aro ihesleen gozo!
Zenbat hotzaldi, zenbat egun ilun,
nolako gorri Abendu aitaso!
Alta, garai hori zen uda-aldi,
larrazken oparo zituz aberats,
bedatse fin zenduz izorra handi,
nola zenbait sabel alargun maratz.
Eman hori, baina, ene begitan,
zurtz-esperantza, fruitu aitagabe;
zoriaro gozo oro zu baitan:
txoriak berak, huts min, mutu daude;
edo hain dute goibel txinta, ezen
hostoak baitira negu-zurbiltzen.