Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
094. Ahala izanik zaurtzen ez duten
Ahala izanik zaurtzen ez duten
zerok, hain itxuraz beste baitira,
hunkitzen ez den harri diruditen
hunkigarriok, hotz, sor tentaldira;
zuzenez zeru-dohainen jaraunsle,
zaintzen dakite jaso ondareak;
jaun dira aurpegien eta jabe,
bikainon otsein direla besteak.
Udako lilia gozo udari,
bere hartan soil jaio-hilik ere;
helduz gero, baina, gaitz txarrak hari,
belar txarrena duintasunez hobe:
gozoena nola gero mikatzen,
lirio ustelak hala kiratsen.