Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
093. Bizi nadin leial zaren ustean
Bizi nadin leial zaren ustean,
senar tronpatua legez, maitasun-
itxurak baietsiz azal hutsean,
soz zu ene, nahiz bihotza urrun.
Zure begiak arrotz baitu herra,
ezin handik igar aldaketarik.
Hainbaten soak du bihotz-makurra
lazki salatzen keinuz zimurturik;
baina, zeruak baitzintuen egin
sortzetik aurpegiz hain maite-gozo,
ezerk ere, bihotza bihotz, ezin
gozogabeki eragin zuri so.
Ebaren sagarra dirudikezu,
gozo ageria ustel baduzu.