Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
092. Zure ihes makurrenean ere
Zure ihes makurrenean ere,
bizi naizeino neure zauzkat ziur;
eta jada ez naiz biziko zure
maitasunak badegit azken-agur.
Hala, gaitz gaitzen haren beldurrik ez,
gaitz txikiena bainuke herio;
hobeki nengoke hala, egotez,
ezen ez zure aldarteaz fio.
Zure aldaberak ezin zaurtu nau:
bizia nuke galduko mudantzan.
Ala baita on ene zori on hau:
zurekin biziz poz, poz heriotzan!
Ba ote, baina, hain poz huts gaberik:
faltsu zarenetz nola dakiket nik?