Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
091. Etorkiaz da zenbait harro, edo
Etorkiaz da zenbait harro, edo
abil, aberats, indartsu izatez;
hainbat, jantziez, moda berriz ero;
hau, aztore-orez; hura, zaldiez.
Izamolde bakoitzak bere zera,
non laketzen baita oroz gainetik.
Ez da enetzat halakoen txera;
onik onenaz hobetzen ditut nik:
zure maitasunaren aldean, zer
noble, aberats, dotoretasuna;
aztore zein zaldiez nik zer plazer,
hor ukanik zu, lorien bilduma.
Non eta, zorigaitz bakar, ez nauzun
deusgabetzen betan, ene ondasun!