Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
090. Gaitzets nazazu, bada, orain bertan
Gaitzets nazazu, bada, orain bertan,
plazer baduzu, mundua delarik,
fortuna etsai, ene aurka setan;
ez ager gero, galeron atzetik.
Ez, oi, ene bihotzak samin hori
gainditzean, penen minondoz etor;
gau haizetsuri ez erants goiz-euri;
zartada heltzekotan, zirt-zart betor.
Utzi behar banauzu, ez utz azken,
beste min txiker batzuen ondotik,
baizik zatoz aurrez, fortuna zeken
gaitzena dasta dezadan lehenik.
Gainerako min, orain min direnak,
zu galduz gero, huskeria denak.