Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
009. Alargun-begirik ez dadin busti
Alargun-begirik ez dadin busti
al zara alferrik zeu soil higatzen?
Ondore gabe hil bazintez etzi,
munduak bai dolu, emazte hutsen.
Munduak luke min, alargun-pleinuz,
ez baituzu uzten zeuretik zerik;
alargun konpliak bai baitu erruz
haurren begiez senar-irudirik.
Zer ere xahutzen baita munduan,
gozagarri dirau haren-honentzat;
edertza, baina, akabuko mugan,
enplegatzeka, hutsera denentzat.
Ezin inor maita hainak zeina den
galgarri gaizto bere buruaren.