Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
089. Esan zerbaiten errudun naizela
Esan zerbaiten errudun naizela:
oker hori dut iruzkinduko nik;
herrentzat jo: hortxe neure makala
aitortuko dut, ukatu gaberik.
Ez nazakezu, laztan, makurraraz,
erdirik ere, nahikundez molda,
nola nik neure kabuz; hitz erdiaz,
arrotz ere nenkizuke antzalda;
huts egizu osteran: ez dut, maite,
aipatuko zure izen laztana,
egin beldurrez desarauki kalte
agertuz gure lagun-harremana.
Zugatik, neure burua dut joko:
ezin maita, zuk baduzu gorroto.