Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
087. Adio: preziatuegi zaitut
Adio: preziatuegi zaitut;
garesti dabil zure estimua;
zure baloreak ene burtsan zut,
zor-agiriz nagokizu lotua.
Nolaz zu ene, zeure bermez baizik?
Eta, ondasun horren, nondik ni duin?
Eder zu horniz, eta ni eskasik,
hor ene kontua ostera gordin.
Itsuki emana noizbait zerori,
edo nerau, hartzailea, nahasiz,
atzera duzu dohain hazkor hori
zeureganatu, hobeki iritziz.
Ametsez nintzen zure jabe harro:
lotan, errege; atzarrik, hain ñarro.