Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
065. Brontze, harri, lur, itsaso mugagaitz
Brontze, harri, lur, itsaso mugagaitz,
hilbehar itunak menderaturik,
nola egin Ederlorek indar latz
horri aurre, liliño bat izanik?
Nola euts udaren lurrin eztiak
egunen oldar enbatatsu horri,
non erkin diren are haitz larriak,
burdin hesiak Aldiri latorri?
Oi, gogoeton beltz! Non duke, bada,
Aldiren bitxiak hargandik babes?
Zer eskuk geldit haren abiada?
Nork, oi, lot eder-lapur hori katez?
Inork ez, noski; ez bada mirariz
tinta beltz hau pizten maitasun argiz.