Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
064. Ikusirik Aldiren esku gaitzak
Ikusirik Aldiren esku gaitzak
erraustuak aro jorien lanok,
dorretzar burgoiak porrokatuak,
ostikopean brontze eternalok;
ikusirik Itsaso oldez jauntzen,
goseti, urertzeko erresumaz,
eta Lehor berriz irmo garaitzen,
irabaziz galdua gal-irabaz.
ikusirik zer ororen mudantza,
egun nor zena bihar gainbehera,
hausnargai latz dut hondamenon latza:
Aldi datorke Maite ebastera.
Pentsu hau dut, hala, herio larri:
«Ainu neure gal-beldur naizen hori!».