Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
058. Beza jopu egin naizun jainkoak
Beza jopu egin naizun jainkoak
eragotz nik eramatea kontu
zure aisiez! Nik, neurekikoak:
zure sujet naiz egoteko gertu.
Atxilot nazala, nahierara,
gabe latzez zure libertateak;
pazientziak beza oro paira,
zuri leporatzeka sufrimenak.
Plazer duzuna egiteko lege
hain osoa duzu, non zuk zeuk duzun
gogara baimentzen krimena ere,
zeure kaltea zeurez barkakizun.
Zuri nago ni, nahiz infernuk jan;
ez kargu hartzeko, gaitz zein on izan.