Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
003. Esan miraileko aurpegiari
Esan miraileko aurpegiari
ordu dela beste bat egiteko;
berritu ezik, loretan den hori
xarma huts duzu, ama bati uko.
Ezen, finez, zer sabel landugabek
arbuia zintzake senar-goldetzat?
Eta, zale hutsez, zer etxe-kaltek
nahi du elkor hil geroarentzat?
Zeure amaren mirail zara, zeinak
zugan oroit baitu lore-aroa;
leihoz leiho berdin urteen lanak
berrit dezake zure urre-soa.
Nork oroit gabe, baina, zeu soil biziz,
hiltzean, zenduko zara irudiz.