Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
027. Larri ere larri oheratzen naiz
Larri ere larri oheratzen naiz,
bideko nekeen atseden bila;
burua orduan abian garaiz:
gogoak du lan, soinak jai duela;
pentsuek, bada, urrunetik ere,
zugana nahi, erromes jorantsu,
begiak zabalik, argirik gabe,
itsuak dakusan horri so itsu;
ez ikusiz baitakusat, ariman,
itsuen itsu zure errainurik:
ilun larrian bitxi bat dilindan,
gau beltz maiztua eder-berriturik.
Zugatik, neugatik, egunez, gauez,
ezin, soin eta gogo, jai har biez.