Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
022. Mirailak ezin narakuske zahar
Mirailak ezin narakuske zahar
zu adin-eder zaren bitartean.
Tarteka, baina, aldi-ildo zakar
bat zugan, eta nago hil ustean.
Estaltzen zaituen edertasuna
ez baita ene bihotz-soina baino;
elkarren baita habia kutuna,
adinez ere zer ni zaharrago?
Ukan, bada, maite, zeure ardura
nik dudan beste, ez neure, zurea,
bihotz hori zaintzeko, nola haurra
unide xamurrak, gaitzik gabea.
Ez harrot, bihotz, enearen galtzez:
zurea neure dut zerorren hitzez.