Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
021. Ez naiz ni, horrako Musa bezala
Ez naiz ni, horrako Musa bezala,
margolan finen akuiluz bertsora,
non, Zeru bera apaingailu dela,
Eder hain baitu berredertzen gora,
irudi bikain harroz parekatuz
eki, ilargi, harri finenekin,
apiril-lili goiztiarrekin, plus
zeru-jiran bitxi den ororekin.
Idatz dezadan zintzo maitez zintzo,
eta sinets, gero: amodio hau
arrunt da jator, nahiz noski lauso
urre-argizagi goitarrok arau.
Hargatik du jai ene edermenak:
bemaio lustre salgaitzat duenak.