Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
014. Izarren bitartez ez naiz jakitun
Izarren bitartez ez naiz jakitun,
noski jakin arren astronomiaz;
ez naiz ni, ez, zori on-gaitzen hiztun,
izurri, urrite, eguraldiaz;
ezin nik igar minutuz minutu
trumoi, euri, haize, zer datorkeen,
edo printzeen kezkez egin kontu,
zeruan zantzu ugari den arren.
Zure begiak ditut jakinbide;
izar iraunkorrok diote, bada:
Jator eta Eder bira haurride;
ez gorde zeure huts, zeuretik gara.
Edo patu hau dukezu gaurgero:
zugan akabo jator-eder oro.