Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
013. Oi, zeu bazina zu!; ezin baitzara
Oi, zeu bazina zu!; ezin baitzara
izan zu zeu bizi zareino baizik:
epe horri egin, maite, aupada,
zeure jitea besteri emanik.
Hala, zure edertasun-bahiak
ez luke mugarik: zeu zinateke
zeu hilik ere, emaitza gozoak
zure isuri gozoa bailuke.
Nork utz hain etxe bikaina hondatzen,
ardura prestuz eutsi beharrean,
negu gaitz horren herio-ekaitzen
amorru antzu, hotzaren aurrean?
Oi! mentsek baino ez. Zuk, maite, nola,
zure haurrak «Aita» esan dezala.