Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
012. Erlojua dela ordu-kontari
Erlojua dela ordu-kontari,
ikusirik egun bipila gautzen,
bioleta fina margultzen ari,
kiribil gorbeltzak zilar-zuritzen;
ikusirik zuhaitz tantaiak hostuts,
udan hain emanak abaro maratz;
belar berde zena, azao estuz,
hil-gurdi gainean bizar-zuri latz;
berdin, prefosta, zure edertasun
horrek dakarke bere galbidea;
gozo-ederrak aldika hilkizun,
ikus arau hazten beren ordea.
Ezin Aldiren igitaitik babes,
aurre egin ezik hari sein batez.