Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
105. Ez deit maitasun hau idolatria
Ez deit maitasun hau idolatria,
ez ene maitea ene idolo,
laudorio-kantok zeren baitira
batentzat, batez, hari beti oro.
Amultsu gaur eta bihar amultsu,
maitasun finkoz erabateko fin;
ene neurtitzoi, leialean itsu,
guztia bat zaie, deus ez desberdin.
«Eder, amultsu, jator» dut nik aipu,
«Eder, amultsu, jator» mila moldez;
ene asmamenak alde hau baitu,
hiru gai batean, ahal zabalez.
Eder, amultsu, jator, banan sarri:
hor nola diren hirurak bat jarri.