Ikasleen idazkaritza
Espedientearen leku aldatzea
Non: Ikasleen idazkaritzan.
Epea: 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era (2024/2025 ikasturtea).
UNIBERTSITATEKO IKASKETAK HASITA DITUZTEN IKASLEAK.
7. artikulua.- Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek prozedura honi jarraiki egin beharko dute eskaria:
Unibertsitateko ikasketa ofizialak hasita izanik ikasketa horietan jarraitu edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuk hasi nahi dituzten ikasleak (lekualdaketak).
1.- Ikasle horiek berriz eman ahalko dute izena prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta ikasle berritzat hartuko dira; hau da, sarrera proban edo pareko ebaluazioan lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute (izena eman beharko dute) 4. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.
2.- Era berean, unibertsitateko ikasketak hasita baina amaitu gabe izanik UPV/EHUn sartu nahi duten ikasleek, baldin eta Estatuko beste unibertsitate batetik edo unibertsitateko ikasketa ofizialetatik edo UPV/EHUko beste ikasketa batzuetatik badatoz, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute lekualdaketa, 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era. Eskariak ebatziko ditu ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak, unibertsitateko errektoreak eskumenak eskuordetuta, ondoko irizpideei jarraituz:
2.1.- Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago edo plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.
2.2.- UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak betetzea.
2.3.- Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.
3.- Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartua izan dela egiaztatu ondoren.
Lekualdaketa UPV/EHUren ikastegi batetik beste batera egin bada ikasketa berberekin jarraitzeko, erabilitako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatuta izango ditu bi deialdi.
Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleak.
Ezinbestekoa izango da kredituak aitortu eta baliozkotzen dituen ikastegiko batzorde akademikoak ikasle horiei gutxienez 30 kreditu aitortzea egin nahi duten UPV/EHUko graduan. Ikasle hauek, onarpen eskaria egin beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era eskariarekin batera ikaslearen ziurtagiri akademikoa aurkeztuta; eskari horiek dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta. Ikastegiko zuzendaritzak, 412/2014 Errege Dekretuko 30. artikuluari jarraituz, lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa ezartzeko egutegiarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.
Ikasleek espedientea lekuz aldatzeko eskaria egingo dute, baina izena emateko prozesuan ere parte hartzeko aukera izango dute Graduko eta lehen eta bigarren zikloko ikasketak kudeatzeko araudian 3. artikuluan zehaztutako aukeretako bati jarraiki.
Euskal Herriko Unibertsitatera sartzeko, lehenengo izapidea 153,38 euroko tasa ordaintzea da, atzerriko unibertsitate ikasketak partzialki aitortzeko espedienteak aztertzeko. Tasa ordaintzeak ez du onartzeko eskubiderik ematen. Onarpena Ebaluazio batzorde batek egiten du. Onartua izateko, gutxienez 30 kreditu gainditu behar izan dira.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa hau izango da:
- Ikaslearen Ziurtagiri Akademikoa, non agertuko baitira egindako irakasgaiak, lortutako kalifikazioak eta ikasketa plana.
- Baliozkotu nahi diren irakasgaien programak
- Edozein baliozkotze eskatzeko aurkezten diren dokumentu guztiak ofizialak izango dira eta bide diplomatikoz legeztatuak, indarrean dagoen legeriaren arabera.
- Dokumentuekin batera, legeztatutako gaztelaniarako itzulpena aurkeztuko da, hala badagokie.
- Ziurtagiri akademikoaren batez besteko notaren baliokidetasun adierazpena.
Utzitako ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak.
Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriro hartu nahi dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era eta dekano edo zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.
Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak.
Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi izanez gero, espedientea lekuz aldatzeko eskariak 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era aurkeztu beharko dituzte matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan. Eskari horiek lehentasuna izango dute kasuan kasuko ikasketetan lekualdaketetarako dauden plazak esleitzean, bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoak, 9.10 artikuluan zehaztutakoarekin. Ezarritako epetik kanpo, esleitu gabeko plaza hutsak geratu direnean baino ez da era honetako lekualdaketarik onartuko.
Aurreko a) eta b) ataletan jasotako baldintzen arabera ebatzitako eskarien kasuan, ikastegiak onartutako eskarien berri eman beharko dio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari.
Bide horietako batetik onartutako ikasleak (a, b, c edo d) matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 28. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.