Ikasleen VII. Biltzarrak mundua eraldatzeko balio duten GrALak saritu ditu
Lehenengo argitaratze data: 2024/11/05
Pasa den larunbatean, urriaren 26an, Ikasleen VII. Biltzarraean UPV/EHUk sariak banatu zizkien edizio berria irabazi zuten ikasleei, Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lotutako Gradu Amaierako Lanengatik. Aurten, GrALen aurkezpenen ondoren, publikoak inprobisazio antzerki ikuskizun batekin gozatzeko aukera eduki zuen.
132 GrAL mundua eraldatzeko
“Gure GrALek mundua eraldatzeko balio dute” lelopean, Ikasleen Biltzarrak ikasleak animatu ditu, beste edizio batez, beren karrera-amaierako ikerketak Nazio Batuek diseinatutako eta Euskal Herriko Unibertsitateak sustatutako GIHetako baten ikuspegitik bideratzera.
Seigarren edizio honetara, arlo zientifiko guztietako 132 proposamen aurkeztu dira, 50 titulazio ezberdinetakoak. Emakumezkoen parte-hartzea nabarmena izan da, beste behin ere, 90 emakumek eta 42 gizonek parte hartu baitute.
Lau ardatz, bederatzi sari
Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak izendatutako batzorde zientifikoak, jardunaldietara bertaratutako publikoarekin batera, bederatzi Gradu Amaierako Lan (GrAL) onenak saritu zituzten:2 sari lau ikerketa-ardatz bakoitzeko (pertsonak, planeta, oparotasuna eta pakea-aliantzak), eta sari berezi bat ikaskuntza-zerbitzua metodologiarekin garatutako lanarentzat. Ardatz bakoitzeko lan onenek eta zerbitzu-metodologiaz landutakoak 300 euroko saria jaso zuten. Bigarren saria, aldiz, 150 eurokoa izan zen.
Jardunaldiaren amaieran sari-banaketa egin zen, Eva Ferreira EHUko errektorearen eta David Hoyos EHUko Konpromiso eta Eragin Sozialaren zuzendariaren eskutik. Errektoreak parte-hartzaileak zoriondu zituen graduko ikasketak burutzeagatik, eta azpimarratu zuen GrALak “nolabait, ikerketa karrera baten hasiera suposatzen duela”. Bestalde, David Hoyos Gizarte Konpromisoaren eta Inpaktu Sozialaren zuzendariak adierazi zuen, aurkeztutako GrALek "mundua eraldatzeko balio dutela”. Azpimarratu zuen parte-hartzaileek Euskal Herriko Unibertsitatetik igaro izana “gizarte-eraldaketarako motorra” izan dela, eta “printzipio eta balio demokratikoak, pentsamendu kritikoa, bizikidetza, errespetua eta aniztasuna sustatzeko” baliogarria izan dela”.
Zuzenbide Fakultateko ikasle sariduna:
Diego Manuel Espasa Labrador
Ardatza: Bakea eta Aliantzak. Lehenengo saria
GrAL: “La apatridia como régimen de exclusión y discriminación. El caso de Malak: madre, mujer y saharaui”
Gradua: Zuzenbidea
“Nire GRALa Malaken kasu ezagunetik abiatzen da. Malaken semeak trafiko-istripu bat izan zuen eta mediku-laguntza behar zuen. Hori dela eta, Euskal Herriko ospitale batera etorri zen, Tindufeko Kanpamentuetan zeuden zailtasunak zirela medio.
Hori da nire ikerketaren abiapuntua, saharar herriak autodeterminazio eskubidea gauzatzeko ezintasunak eragindako «apatridia» jorratzen duena. Egoera horretan sahariarrek Euskal Herriaren babes handia izan dute beti.
Alde batetik, deskolonizazio eta dekolonialitate prozesuak izan genituen gogoan eta, bestetik, aberrigabeen identitatea eta alteritatea bermatzeko modu egokien bilaketan jardun genuen, Mendebaldeko Saharak bizi duen sufrimendu egoeran arreta jarriz. Horretarako, Zuzenbidearen hiru dimentsioak aztertzen ditugu: nazioartekoa, Europakoa eta Estatukoa. Helburua da adieraztea hiru dimentsioak ez direla gai hiritartasuna giza eskubide gisa bermatzeko.
Eta esparru teoriko eta juridiko batetik egiten dugu, «aberrigabea» Zuzenbidearen ikuspegitik definitzetik hasita; hau da, pertsonak nazionalitaterik ez duen eta, beraz, herritartasun aitortua duen egoera. GrAL hau Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren, Espainiako Gurutze Gorriaren, eta UPV/EHUko i3 GAZtE Programaren barruan sortu zen, Zuzenbidea gizartearen zerbitzura jartzeko helburuarekin.”