Honoris Causa Doktore izendapen bikoitza jaso du Norberto J. de la Mata irakasleak Mexikon
Lehenengo argitaratze data: 2024/07/04
Bizkaiko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide Penaleko irakaslea, Norberto J. de la Mata Barranco, Honoris Causa Doktore izendatu zuen 2023ko azaroan Iberoamerikako Ikasketa Aurreratuen Eskolak (Xalapa - Veracruz - Mexiko), haren jarduera intelektuala, hezkuntza integrazioarekin duen konpromisoa eta unibertsitateko hezkuntzako ikerketan eta kudeaketan egindako lan handia aitortzeko.
Eta meritu bikoitza du. Izan ere, 2024ko ekainaren 22an, Honoris Causa Doktore izendatu zuen Amerikako Unibertsitate Institutu Sokratikoak (Cancún - Quintana Roo- Mexiko).
Norberto J De la Mata Zuzenbide Penaleko katedraduna da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (Bilbo). Horrez gain, abokatua da, hogei libururen baino gehiagoren egilea eta egilekidea da, eta berrehun eta berrogeita hamar argitalpen baino gehiago egin ditu aldizkari espezializatuetan eta liburu kolektiboetan. Zuzenbidean lizentziatua, ohorezko matrikularekin, eta Kriminologian lizentziatua. Era berean, Zuzenbideko Cum Laude Doktorea da; Friburgoko Unibertsitateko Zuzenbide Penal Ekonomikoko Institutuan egin zituen doktorego ikasketak. Ikerketa egonaldi luzeak egin izan ditu (irakasle gisa ere bai) Europako zein Amerikako erakunde akademiko nagusietan. Zuzenbide Penaleko Nazioarteko Elkarteko kidea da, Krimen Arloko Politikaren Ikertaldeko kidea ere bai (talde horren idazkaria eta zuzendaria izan da hainbat garaitan) eta Espainiako Unibertsitateetako Zuzenbide Penaleko Irakasleen Elkarteko kidea ere bai (elkartearen lehenengo presidentea izan zen). Estatu mailako ikerketa proiektu ugari zuzendu ditu. Ebaluatzaile aditua izan da ANECAn, ANEPen, AEIn eta CNEAIn, eta nazioarteko aholkularia izan da AECIn eta USAIDen. Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko Saileko zuzendaria ere izan da, Zuzenbide Fakultateko dekanordea ere bai, baita Fakultate horren Bizkaiko Ataleko arduraduna ere.