acceso_mayores_25

25 urte gorakoentzako unibertsitaterako sarrera

534/2024 Errege Dekretuak, graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak arautzen dituenak, 25 urtetik gorakoentzako sarrera-proba aurreikusten du bere V. kapituluan. UPV/EHUk 25 urtetik gorakoak Unibertsitatera sartzeko proben araudi berria onartu zuen eta 2009ko irailaren 14ko eta 2014ko ekainaren 17ko EHAAn eman zen argitara.

Probetarako matrikula

Unibertsitatean sartzeko eskatzen den titulazioa ez duten pertsonek egin dezakete matrikula, baldin eta 25 urteak 2024an zehar egiten badituzte.

Izena 2025eko otsailaren 3tik 21era eman ahal izango da, SARBIDEAn.

Aurkeztu beharreko dokumentuak

  • Eskaria behar bezala betea web orrian.
  • NANaren, pasaportearen edo adina frogatzen duen beste dokumentu ofizial baten fotokopia.
  • Tasen murrizpena edo salbuespena izateko eskubidea frogatzen duen indarreko dokumentuaren fotokopia, eskatuko balitzaio.
  • Interesatuaren zinpeko aitorpena, dioena interesatuak ez daukala titulazio edo ikasketarik unibertsitatera sartzeko bidea ematen dionik.

Deialdiak

Urtero unibertsitateak sarrera proba bat antolatuko du 25 urtetik gorakoentzat; proba behin gaindituta, interesatuak aukera izango du hurrengo deialdietan berriro aurkezteko, nota igo nahi balu titulazio jakin batera sartzeko. Halakoetan unibertsitateak azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko du kontutan, baldin eta aurrekoa baino hobea bada eta proba unibertsitate berean egindakoa bada.

Azterketaren eguna eta tokiak

Azterketa 2025eko maiatzaren 9an izango da, Arabako Farmazia Fakultatean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

NAN edo beste identifikazio agiri baliagarri bat eraman beharko da, eta matrikularen gordekina. Matrikulatuta ez daudenei ez zaie azterketa gelan sartzen utziko.

Probaren egitura orokorra

Probak bi zati izango ditu: orokorra eta espezifikoa.

Zati orokorra

Helburua da ikustea ikaslea egokia den unibertsitateko ikasketak egiteko eta horretarako heldutasun nahikoa daukan; bestalde, arrazoitzeko eta adierazpen idatzirako daukan gaitasuna ere neurtzea du xede. Lau azterketa izango ditu, arlo hauetako bakoitzerako bat:

  • Gaur egungo gai bati buruzko testu iruzkina edo idazlana.
  • Gaztelania.
  • Atzerriko hizkuntza honako hauen artetik aukeratzeko: alemana, frantsesa, ingelesa, italiera edo portugesa.
  • Euskara. Euskarako azterketa ez egiteko aukera izango du ikasleak, baldin eta behar bezala egiaztatutako aparteko arrazoiren bat badauka:
    • 1971/01/01a baino lehen jaioa izana.
    • Derrigorrezko irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egina izana.
    • Ohiz kanpoko beste kausa batzuk, behar bezala dokumentatuak, salbuespen hori justifikatzen badute. Aurkeztutako eskaerak Antolakuntza Batzordeak ebatziko ditu, edo eskuordetzeagatik, Batzordearen lehendakariak, hau da, UPV/EHUra Sartzeko Zuzendariak.

Salbuespen hau eskatzeko epea eta matrikula-epea berdinak dira.

Zati espezifikoa

Probako zati espezifikoaren helburua da neurtzea ikaslearen trebetasuna, gaitasuna eta ahalmena jakintza-adar bakoitzari lotutako unibertsitateko ikasketak ondo burutzeko.

Zati espezifikoak bost aukera ditu, bakoitza graduko ikasketa ofizialen bost jakintza-adarretako bati lotua. Zati honetan, ikasleak bi gai aukeratuko ditu adar bakoitzetik. Hona jakintza-adarrak eta bakoitzaren gaiak:

  • Artea eta Giza Zientziak:
    • Irakasgaiak: Artearen Historia, Historia, Marrazketa Artistikoa eta Filosofiaren Historia.
  • Zientziak:
    • Irakasgaiak: Matematika, Fisika, Kimika eta Biologia.
  • Osasun Zientziak:
    • Irakasgaiak: Gizarte eta Osasun Zientzietarako Matematika, Fisika, Kimika eta Biologia.
  • Gizarte eta Lege Zientziak:
    • Irakasgaiak: Gizarte Zientziei eta Osasun Zientziei Aplikaturiko Matematika, Enpresa Ekonomia, Historia eta Geografia.
  • Ingeniaritza eta Arkitektura:
    • Irakasgaiak: Matematika, Fisika, Kimika eta Marrazketa Teknikoa.

Zati espezifikoan ikasleak aukeratuko du zein arlotan egin gura duen azterketa, baina kontuan izan beharko du unibertsitatean sartzerakoan aukera horrekin lotura duten ikasketetarako izango duela lehentasuna.

Izena ematen duenean adieraziko du ikasleak zein irakasgairen azterketa egingo duen.

Azterketak euskaraz nahiz gaztelaniaz egin ahal izango ditu.

Kalifikazioa

Azken kalifikazioa zati orokorrean eta espezifikoan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da: 0tik 10era bitarteko kalifikazioa izango da bi dezimalekin adierazia eta ehunenekorik hurbilenekora borobildua, eta hirugarren dezimala 5 denean, ehunenekorik handienera.
Unibertsitatean sartzeko proba osoa gainditzeko, gutxienez bost bat lortu beharko da azken kalifikazioan, eta batez bestekoa egiteko, beharrezkoa izango da zati bakoitzean (orokorrean eta espezifikoan) gutxienez lau bat ateratzea.
Ikasleak proba osora aurkeztu ahal izango dira ondorengo deialditan, kalifikazioa hobetzeko. Deialdi berrian lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan, baldin eta aurreko deialdian lortutako kalifikazioa baino altuagoa bada.

Erreklamazioa

Behin-behineko kalifikazioak argitaratu ondoren, hautagaiak 3 egun baliodun izango ditu kalifikazio hori epaimahai ebaluatzaileari erreklamatzeko.
Epaimahaiak emandako behin betiko kalifikazioarekin ados ez badago, graduan eskumena duen errektoreordetzari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio.