ERRESONANTZIA MAGNETIKO-NUKLEARRA (EMN) ZERBITZU OROKORRA
Aurkezpena
UPV/EHUko gaur egungo EMN zerbitzua 1996. urtean sortu zen. Urte hartan, Kimika Organikoko sailetako (Donostiako Kimika Fakultatea, Gasteizko Farmazia Fakultatea eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatea) eta Donostiako Kimika Fakultateko Materialen Fisika Saileko eremu altuko EMN ekipoak (200 MHz baino gehiagoko 1H maiztasuna erabiltzen dutenak) elkartu zituzten.
2002tik aurrera, Unibertsitateko SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren araudi berrira egokitu zen EMN zerbitzua, Lehen Unibertsitate Planaren arauei jarraituz. Plan horri esker, oinarrizko ikerkuntza aplikatuak sailez gaindiko babesa jasotzen du, eta UPV/EHUko ikertzaile guztien, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) eskura dago, eta baita UPV/EHUko ikertzaileen egoera bertsuan dauden kanpoko beste ikertzaile batzuen eskura ere.
EMN zerbitzua hiru unitatetan banatuta dago. Zerbitzuaren egoitza administratiboa eta zuzendaritza Donostiako Kimika Fakultatean daude, Gasteizko Farmazia Fakultatearekin eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin elkarturik. Ekipoak banatzearen helburua zerbitzua zuzeneko erabiltzaileei ahalik eta gehien hurbiltzea eta erraz erabiltzeko moduan jartzea da.
Nagusiki, molekula organiko eta organometalikoen, biomolekulen, materialen, gehigarrien edota aztarnen azterketa estrukturalak egin daitezke unitatean, material horien osagaien determinazio kualitatiboa eta kuantitatiboa eginez. Halaber, material horien beren prozesu dinamikoak, tenperaturaren ondoriozko aldaketa estrukturalak eta halakoak ere azter daitezke.
Gaur egungo ekipoei esker, hainbat nukleo mota aldi berean behatuz lan egin daiteke: 1H, 13C, 19F, 31P, 29Si, etab. Instalazio eta ekipo guztiak elkarrekin konektatuta daude UPV/EHUko datu sarearen bitartez, eta UPV/EHUko edo Euskal Teknologia Sareko edozein instalaziotatik sar daiteke ekipoetan lortutako espektroetara, azpiegitura minimo bat izanez gero (ordenagailu pertsonala).
EMN zerbitzuak erabiltzaileen beharren zerbitzura egon nahi du, eta, horregatik, ekipoen konfigurazioa nahikoa irekia da. Horrek sor daitezkeen beharrak asetzeko osagarriak eransteko aukera ematen du (zehazki, zundak eta software programa gehigarriak).
EMN zerbitzuaren ekipamenduari dagokionez, guztira bederatzi tresna erabiltzen dira. Haietatik hiru 300 MHz-eko errutinako ekipotzat har daitezke (disoluzioa), eta UPV/EHUko oinarrizko ikerkuntzako autozerbitzu gisa erabil daitezke esklusiboki. Kanpoko zerbitzuetarako, berriz, 500 MHz-eko bi ekipo daude (Donostian eta Leioan), 400 MHz-eko beste bi ekipo (Gasteizen, hiru kanalekoa/CPMAS, eta, Donostian, 19F-broadband bat), eta lagin solidoen espektrometroak, 400 MHz-ekoak eta 300 MHz-ekoak (Donostian).
EMN zerbitzua erabiltzeko, hiru tarifa mota daude: a) autozerbitzua (baimendun langileentzat), b) zerbitzu arrunta (zerbitzuko langileek interpretatu beharrik ez duten esperimentuak barne), eta c) kontratupeko zerbitzua.
Autozerbitzua erabiltzea (errutinako laginekin lan egiten duten bekadun ikertzaileentzako gomendatua) erabiltzailearen beharren eta zerbitzuaren koordinatzailearen baimenaren araberakoa da. Autozerbitzuari esker, ekipo bat baino gehiago aldi berean erabil daitezke, eta, ondorioz, EMN teknika erabiltzaileen artean zabaltzen da.
Bestalde, zerbitzu arruntaren helburua da (UPV/EHUko barne eta kanpo erabiltzaileentzako prestatua, espektroei buruzko informazioa lortzeko, espektroen erregistroari buruzko xehetasunetan sartu gabe) proiektu, kontratu eta halakoetan EMN teknika erabiltzeko laguntza eraginkor bat eskaintzea ahalik eta sail, unibertsitate eta zentro teknologiko gehienetan egiten duten oinarrizko ikerkuntza aplikatuari.
Azkenik, kontratupeko zerbitzua edozein erabiltzaileren esku dago, arazoa goitik behera kudeatuz substantzia ezezagunen, materialen eta halakoen azterketa estrukturalak egiteko. Honako lan hauek egin daitezke: laginak prestatu, banakako esperimentuak egin, emaitzak interpretatu, txostenak prestatu, etab. Aurrekontu bat prestatu beharra dago, eta EMN teknika ezagutu gabe EMN teknika erabiliz emaitza analitikoak lortu nahi dituzten erabiltzaileentzat pentsatuta dago.
Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretan sartzeko protokoloari esker, EMN Unitatearen balizko erabiltzaile guztiek unitateko langileen bitartez erabil dezakete zerbitzua, bai errutinako esperimentuak egiteko bai esperimentu konplexuagoak egiteko ere. Zerbitzu arruntaren bitartez EMN zerbitzuko langileek espektroak egitea eskatu nahi izanez gero, nahikoa da eskaera bat bidaltzea, unitate bakoitzeko harremanetarako pertsonari zuzenduta, eta zerbitzua erabiltzeko jarraibideak aintzat hartzea.;