ANALISIRAKO ZERBITZU ZENTRALA ARABAKO UNITATEA
Aurkezpena
Arazo analitikoak askotariko sektoretan gertatzen dira, hala nola Osasun Zientzietan, Biokimikan, Ingurumenean, Elikaduran eta Industrietako kalitate-kontroletan. Horrez gain, hain konbentzionalak ez diren arloetan ere sortzen dira horrelako beharrak, esaterako, Arkeologian, Artelanen Ikerketetan eta datazioetan eta abarretan. Gaur egungo tresna modernorik izan ezean, nekez konponduko lirateke arazo horiek guztiak.
Agerikoa da EHUren zenbait ikerketa-taldek ez dituztela zientzia-tresna egokiak une jakinetan behar izaten dituzten datuak eskuratzeko. Pentsatzekoa denez, egoera horrek eragina du emaitzak lortzeko unean.
Bestalde, ikerketa-taldeek geroz eta gehiago eskatzen dituzten analisi-sistemak ugaldu egin dira. Batzuk, gainera, behar baino gutxiago erabiltzen dira. Horrek proiektuak izugarri garestitzen ditu eta EHUren ikerketako aurrekontuak ere nabarmen kargatzen dira.
Analisi Zerbitzu Nagusia horrelako eragozpenei aurre egiteko sortu zen. Alde batetik, horrelako tresnak erosteko baliabide gutxi dituzten taldeei lagundu nahi zaie; eta bestetik, dagoeneko finkatuta dauden taldeei aukera berriak eman nahi zaizkie, analisi-lanen mugak gaindituko dituzten egitasmoak egin ditzaten.
Horrela, aipatutako taldeen esperimentazio-datuen kalitatea areagotu ahal izango da eta ikerketa-ildo berrietan murgiltzeko aukerak ugalduko dira, orain arte blokeatutak egon baitira analisirako tresna egokiak ez zeudelako .
Bestalde, horrelako zerbitzu batek kanpora ematen diren zerbitzuak ere hobetuko ditu. Asko baitira gaur egun enpresetan edo erakundeetan zerbitzuak ematen dituzten taldeak. Horrek, beharbada, baliabide berriak eskuratzeko aukera eskainiko du.