Ikerketa azpitaldeak
Parte-hartze demokrazia eta feminismoak.
Koordinatzaileak: Mila Amurrio Velez eta Jone Martínez- Palacios
Ikerketa-ildo hau osatzen dugunok demokrazia ikuspegi kritiko feministatik sakontzeko helburuarekin gauzatzen ditugu gure lanak. Horrek esan nahi du parte-hartze demokazia eta demokrazia deliberatiboaren bideak ikertu, hausnartu eta esperimentatu egiten ditugu, honako kategorien inguruko sistemak edo ardatzak kontuan hartuta: genero, arraza, klase sozial, hezkuntza-maila, adina, sexualitatea edo aniztasun funtzionala, besteak beste. Hala, parte-hartze ideia edo praktika unibertsalik ez dagoela onartzen dugu, parte hartzearen edo deliberazioaren definizioaren eraikuntza soziala baizik, unibokoa izatea bilatzen duena. Parte hartzearen normatibotasunaren eraikuntza onartzeaz gain, dominazioa ulertzen saiatzen gara azpitalde honetan. Horrek deliberazioa eta parte hartzea modu murriztailean definitu beharra eta dominazio eta bazterketa egoeran daudenen erresistentziez arduratu beharra dakartza. Hala, ikerketa-ildo honetan gauzatzen diren lan anitzen (mintegiak, hitzaldiak, ikerketa-proiektuak, artikulu argitalpenak eta lan kolektiboak) helburu nagusia parte-hartze demokraziaren praxi feministarekin kolaboratzea da.
Gobernantza kolaboratiboa edo sare gobernantza.
Koordinatzailea: Imanol Telleria
Parte-hartzeaz gain, ikerketa taldearen ildo-nagusia dena, gure ikerketa eremua hirian kokatzen da, zentzu zabalean ulertuta. Horrek zenbait ildo barnebiltzea ahalbidetzen digu: alde batetik hiriko gizarte mugimenduei lotutako ekintza kolektiboa (auzo mugimendua, okupa mugimendua, sortzen ari diren bestelako mugimenduak...) eta bestetik politika publikoen elaborazioaz arduratzen den gobernantza kolaboratiboa edo sare gobernantza (hiri politikak, berrikuntza planak, eta baita parte-hartze politikak, poitika sozialak...).
Hiriari dagozkien gaiez gain, gobernantza kolaboratiboaren ikaskuntza ere egiten dugu, parte-hartze esperientzien behatokiaren ildoan. Esperientzia horiek parte-hartze prozesuen bultzadari lotutako maila askotako gobernu dinamika izaten dute, sarritan beste azpitaldeen ikerketa eremutik kanpo egoten dena.
Amerika Latina Parte Hartuz.
Koordinatzailea: Luismi Uharte
Amerika Latina Parte Hartuz, Amerika Latinako egoera politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalari buruzko ikerketa, ikasketa eta eztabaida talde bat da. Bere helburu nagusia eskualdeko herrialdeetako errealitatea (eztabaida teoriko nagusiak eta praktika emanzipatzaile garrantzitsuenak) Euskal Herrian zabaltzea da. Horretarako Amerika Latinari buruzko analisi politikoak egin (komunikabide, erakunde sozial eta politiko, instituzio akademiko eta abarrentzat), eztabaida teoriko eta hainbat herrialderen egoerari buruzko formakuntza ikastaroak bultzatu (esparru akademikoan baita kanpoan ere) eta errealitate politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzko ikerketa proiektuak garatu nahi ditugu.
Taldean, Parte Hartuz-eko kideak egoteaz gain, Gizarte Mugimenduak eta GKEetako pertsonak daude.
Nazioa, Estatua, demokrazia
Koordinatzailea: Ane Larrinaga
Nazioa, estatua eta demokrazia oinarrizko kontzeptuak dira hala Zientzia Politikoan nola Soziologia Politikoan. Hain zuzen ere, hiru ardatz horiek osatzen dituzte PARTE HARTUZ talde egonkortuaren barruan dagoen NED azpitaldeko kideen ikerketa ildoak. Horrela, boterea, estatua eta haren instituzioak, subiranotasuna eta nazionalismoa, eta horiek guztiek demokraziarekin dituzten harremanak gaur egungo globalizazio ekonomiko eta kulturalaren testuinguruan, besteak beste, talde horretan aztertutako gaietako batzuk dira.
Gizarte-ezberditasunak eta politika sozialak
Koordinatzaileak: Noemí Bergantiños eta Ainhoa Berasaluze
Azpitalde honen helburua gizarte-ezberdintasunaren eta gaur egungo bazterketa sozialaren formen azterketa da. Bere lan-ildo nagusiak gizarte politiken, zerbitzu sozialen antolaketaren eta gaur egungo ongizate estatuaren modelo eta joeren ikasketan zentratzen dira. Hala, lana errealitate, errekurtso eta kolektibo sozial ezberdinen analisi teoriko eta enpirikora bideratuta dago. Horren aburua errealitate sozialaren erronken diagnostikoa eta identifikazioa egitea da, justizia sozialaren klabeetan.