UPV/EHUk doktorego programak antola ditzake Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera, betiere unibertsitateen arteko lankidetza hitzarmena izenpetuta.
Doktorego programa hauek batera antolatu eta garatuko dira parte hartzen duten unibertsitateen artean. Horietako bat izango da koordinatzailea eta irakaskuntza egiaztatzeko proposamena aurkezteko arduraduna izango da, eta koordinatu, jarraipena egin eta egiaztatzeko tramiteen ardura ere izango du. Erabakiok dagokion hitzarmenean jasoko dira.
Doktoregoaren proposamena unibertsitate antolatzaileetako organo eskudunek eta kasuan kasuko autonomia erkidegoek onartu beharko dute, ikasketa horiek ezartzeko baimena eman beharko dutenak, indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita.
Gobernu organo hauek egongo dira doktorego programa hauetan:
a) Doktoregoaren unibertsitate koordinatzailea.
b) Unibertsitateen arteko batzorde akademikoa, batera antolatutako programan parte hartzen duten unibertsitateetako doktorego programaren koordinatzailea. Unibertsitate horiek arautu egingo dute nola hartuko duten parte organismo, organo, erakunde eta entitate kolaboratzaileek batzorde akademikoan. Bermatu egin behar da, arau orokor gisa, organo honetako kide gehienak unibertsitatekoak izan daitezen.
c) Batera antolatutako programaren koordinatzailea unibertsitateen arteko batzorde akademikoko presidentea izango da eta errektoreek hartutako erabakiaz izendatuko dute. Eta, doktorego bat beste erakunde batzuekin elkarlanean gauzatzen ari bada, izendapen hori hitzarmenean jaso bezala egingo da.
Lankidetza hitzarmen bat izenpetu beharko da parte hartzen duten unibertsitateen artean. Hitzarmen horrek zehaztu beharko du, behinik behin, zein unibertsitate den koordinatzailea eta nola hartuko duten bere gain doktoregaien matrikulen espedienteen zaintzaren ardura, baita doktore titulua erregistratzeko eta tituluok egiteko ardura ere. Adieraziko da, era berean, doktorego programa aldatu edo amaitzeko prozedura.