propuesta-doctorado-normativa-capitulo-II

Doktorego programak proposatzeko arauak

II. Kapitulua. Doktorego programen administrazio organoak

6. artikulua.- Doktorego programen organo espezifikoak.

Doktorego programak aurkeztu, tramitatu eta onartzeko ekimenean parte hartzen duten administrazio organoez gainera, hauek izango dira haien organo bereziak:

  1. Programari dagokion doktorego eskola.
  2. Programa antolatu eta garatzeko ardura duen unibertsitateko saila edo institutua. 
  3. Batzorde akademikoa. 
  4. Doktorego programaren koordinatzailea. 
  5.  Doktorego programako irakasleak.

7. artikulua.- Batzorde Akademikoaren osaera eta eskumenak.

  1. Batzorde akademikoa, Doktorego programaren koordinatzaileak eta bi kidek osatuko dute eta hauek guztiak izango dira doktorego programako irakasleak. Sailen arteko doktorego programetan kide kopuru maximoa 8ra irits daiteke, dauden sailen arteko hitzarmenen arabera. Unibertsitateaz kanpoko organismo, zentro, erakunde eta entitate publiko edo pribatuek laguntzen dutenean ere, kideen kopuru maximoa 8koa izan daiteke, betiere horretarako sinatu diren hitzarmenekin bat etorrita. Edozein kasutan, kide gehienak Euskal Herriko Unibertsitatekoak izango dira.
  2. Hauek izango dira batzorde akademikoaren eskumenak:
    • a) Doktorego programa zehaztu, antolatu eta koordinatu, bai eta ikerketak aurrera egiteaz eta doktoregaien prestakuntzaz arduratu ere.
    • b) Etorkizuneko doktoregaiak hautatzeko irizpideak ezarri, onetsi eta plazaratu.
    • c) Ikasleak hautatu eta onartu, eta ebatzi, behar izanez gero, onartua izateko erreklamazioez.
    • d) Doktoregaiaren jardueren erregistroa kontrolatzeko prozedura onartu, baita datuak egiaztatu ere.
    • e) Doktoregai bakoitzari tutorea emateko eta sailetako bati atxikitzeko prozedura ezarri.
    • f) Doktoregai bakoitzak prestatutako ikerketa plana eta jardueren dokumentua ebaluatu.
    • g) Doktorego ikasketak denbora partzialez egiteko eta doktorego tesia aurkezteko epearen luzapena baimendu, bai eta doktorego programaren behin-behineko baja eman ere.
    • h) Doktorego eskola informatu doktorego tesien proiektuez, tesien zuzendariez, eta baita doktorego tesiak aurkezteko baimendu eta doktorego tesia izena eman den saileko kontseiluak aurkezten dituen tesien epaimahaien proposamenaz informatu Doktorego azpibatzordeari.
    • i) Doktorego programan irakasle berriak sartzeko baimendu, berdin delarik UPV/EHUkoak edo Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuetakoak diren, beste erakunde batzuetako profesionalak ere sartzeko baimendu.
    • j) Doktore titulurik ez duten profesionalen laguntza baimendu, jarduera espezifiko jakinetan, jakintza eremuan duten aparteko prestakuntzagatik.
    • k) Doktorego programaren jarraipena egin eta kalitatea bermatzeko sistema aplikatu, horretarako programak berak edo, kasuan kasu, Doktorego Eskolak edo unibertsitateak ezartzen dituen baldintzetan.
    • l) Unibertsitateen arteko doktorego programa baten kasuan, programa antolatu duten unibertsitateek ematen dizkioten eskumenak.
    • m) Arautegi honetan, doktoregoa kudeatzeko arautegian eta indarreko legerian ematen dizkioten eskumenak, edo UPV/EHUko gobernu organoek bere esku uzten dituztenak.

8. artikulua.- Doktorego programen koordinazioa.

  1. Doktorego programa denbora osoko arduraldian diharduen UPV/EHUko irakasle edo ikertzaile batek koordinatuko du. Aparteko kasuetan, Graduondoko Batzordeak baimena eman dezake programaren koordinatzailea arduraldi partzialeko irakasle doktore bat izateko. Errektoreak izendatuko du. Kargu hori betetzeko, baldintza hauek bete beharko ditu: bi doktorego tesi, gutxienez, zuzenduak izatea, eta aitortutako bi ikerketa aldi (seiurtekoak) izatea, gutxienez, 1086/1989 ED-an jasotakoarekin bat etorrita. Irakasleak aipatutako azken baldintza aurkezterik ez balu, adierazitakoaren baliokideak diren merezimenduak aurkeztu beharko lituzke, betiere, dagokion Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentziak aitortuta.
  2. Hauek dira koordinatzailearen lanak:
    • a) Batzorde akademikoaren buru izatea.
    • b) Doktorego programaren ordezkaria izan arlo guztietan eta sor daitekeen adina gaietan.
    • c) Beste erakunde, organismo edo entitate publiko nahiz pribatuekin lankidetza hitzarmenen proposamenak, beharrezkoak direnak, prestatzeko koordinatu.
    • d) Ikasketa hauek aurrera eramateko behar diren laguntza eta subentzio eskaeren deialdia koordinatu.
    • e) Batzorde akademikoaren bileretara deitu.
    • f) Doktorego programa, berorren garapen eta jarraipenarekin zerikusia duten dokumentu guztien gordetzaile izan.
    • g) Doktorego ikasketak behar bezala gauzatu eta funtzionatzeko beharrezkoak diren gainerako lan guztiak.

9. artikulua.- Doktorego programetako irakasleak.

  1. Doktorego programa batean parte har dezakete, irakasle gisa, UPV/EHUko, Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuetako irakasleek, eta I+G+Bko jarduerak dituzten nazioko edo atzerriko arlo publiko edo pribatuko beste organismo, zentro, erakunde eta entitateetako ikertzaileek.
  2. Doktorego programa bateko irakasle guztiek izan beharko dute doktore titulua. Horretaz gainera, CNEAIk onartutako ikerketa tarte bat (seiurtekoa) izan behar du edo kasuan kasuko Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentziak onartutako tarte baliokide bat, funtzionarioak ez diren irakasleen kasuan, edo 5 ekarpen garrantzitsu egiaztatu CNEAI edo kasuan kasuko Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentziaren irizpideen arabera, beren jakintza arloan, eta doktorego azpibatzordeak aitortuak. Irakasleek ere parte har dezakete, baldin eta arautegi hau indarrean sartzen den egunean UPV/EHUko Ikerkuntzarako Errektoreordetzak ikerketarako gaitasuna aitortua badute.
  3. Aipatutako baldintzak bete eta eskaera egin arren irakasleak ez badira onartuak doktorego programa batean, proposamena egiten duenak txosten arrazoitua egin beharko du. Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak, halakoetan, bultzatuko du irakasle horiek parte har dezatela doktorego programa batean.
  4. Oro har, doktorego programa batean irakasle gisa parte hartzen duten UPV/EHUko langileek programan parte hartzen duten sailetakoak izan beharko dute. Beste sailetako pertsonalak bere saileko kontseiluaren baimena izan beharko du. Espainiako eta atzerriko beste unibertsitate batzuetako pertsonalak eta beste organismo, zentro, erakunde eta entitateetako profesionalek eta ikertzaileek beren organo eskudunen baimena izan beharko dute. Doktorego programaren koordinatzaileak aipatutako baimenak aurkeztu beharko ditu 10. Artikuluan adierazten den proposamenaren gainerako informazioarekin batera.
  5. Bikaintasuneranzko aipamenarekin baloratua izan den doktorego programa baten UPV/ EHUko koordinatzaileari lau kreditu aitortuko zaizkio, urtean, bere irakats betebeharretan. Urteko beste 4 kreditu uniformeki banatuko dira bikaintasuneranzko aipamena izan duen doktorego programaren batzorde akademikoa osatzen duten UPV/EHUko kide guztien artean.
  6. Doktorego programetako irakaskuntzaren gestioari, praktiken tutoretzari eta doktorego tesien zuzendaritzari lotutako irakats betebeharrak aitortuko dira kontuan hartuta Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak xedatutakoa.
  7. Doktorego programetako irakasleez gainera, parte har dezakete, programako jarduera espezifiko batzuetan, nazioko edo atzerriko beste pertsona batzuek, halako jakintza eremuan aparteko prestakuntza dutelako, nahiz eta artikulu honetako 2. atalean adierazitako eskakizun batzuk ez bete. Pertsona horiek parte hartzeko, doktorego programako batzorde akademikoak baimendu beharko du.