Ikerketa lerroak
Gure proiektuak kimika organometalikoan eta katalisi asimetrikoan oinarritutako metodologia sintetikoen garapenean ardazten dira, metodologia horiek sistema heteroziklikoen, jarduera biologikoa eduki dezaketen konposatuen, produktu naturalen edota farmakoen sintesi eta funtzionalizazioan aplikatzeko asmoz. Horrez gain, diziplinarteko proiektuak ere garatu egiten ditugu, zeintzuk sistema ezberdinen erreaktibotasuna aurresateko eta jarduera biologikoa duten molekulak diseinatzeko, kimika konputazionalaz eta ikasketa automatikoan oinarritutako tresnez (machine learning, ML) baliatzen diren.
Gaur egun, gure proiektuak bi taldetan bana daitezke:
TRANTSIZIO-METALEN BIDEZ KATALIZATUTAKO ERREAKZIOAK HETEROZIKLOEN SINTESI ETA FUNTZIONALIZAZIORAKO
Pd(0) eta Pd(II): Heck erreakzioa eta C-H aktibazioa
Pd(0) eta Pd(II)-ren bidezko katalisian oinarritutako metodologien garapenean lan egiten dugu. Heck moduko erreakzioak, Pd(0)-ak katalizatutako C-H arilazio erreakzioak eta Pd(II)-ak katalizatutako C-H alkenilazio zein arilazio erreakzioak tamaina ertaineko eraztunen sintesirako tresna erabilgarriak direla erakusteko gai izan gara. Tandem prozesuak eta bariante enantioselektiboak ere landu egin ditugu.
Hona hemen zenbait adibide:
Co(III)-ren bidez katalizatutako C-H aktibazio erreakzioak
Orain dela gutxi, ugariagoak diren eta toxikotasun baxuagoa duten metalen, esate baterako kobaltoaren, aplikazioa aztertzen hasi gara C-H alkilazio eta alkenilazio erreakzio intramolekularrak burutzeko.
ERREAKTIBOTASUN KIMIKOA, JARDUERA BIOLOGIKOA ETA TOXIKOTASUNA AURRESATEKO EREDU KONPUTAZIONALAK
Egitura-aldaketak (substratua, katalizatzailea, estekatzaileak) burutzean zein baldintza esperimentalak aldatzean erreakzio baten erreaktibotasuna edota enantioselektibotasuna aurresateko gai diren multi-target moduko QSRR (egitura eta erreaktibotasunaren arteko erlazio kuantitatiboak) eredu konputazional berriak (kimio-informatikoak) garatzen ditugu.
QSAR (egitura-jarduera erlazioa) edo QSTR (egitura-toxikotasun erlazioa) moduko PTML ereduak ere garatu egiten ditugu, zeintzuk tresna oso erabilgarriak izan daitezkeen farmako eraginkorrago eta seguruagoak (mikrobioen aurkakoak, minbiziaren aurkakoak, neuro-babesleak) aurresateko eta diseinatzeko.