Ikerketa
Mikrobiar Biokimika Taldeak experientzia zabala du onddoen garapenaren azterketan. Bi dira horretarako erabiltzen ditugun estrategia nagusiak: Biologia molekularra batetik eta produktu naturalen extrakzio eta identifikazioa, bestetik. Azken honi dagokionean, gure taldeak 2002 urtean conidiogenona deritzon konposatua isolatu, identifikatu eta karakterizatu zuen. Molekula honek Penicillium cyclopium deritzon onddoak ekoizten du eta beharrezkoa du inguruneko baldintza aldaketak detektatu eta horren araberako erantzun morfologikoa aktibatzeko (Roncal et al., 2002). Aurkikuntza honetatik argitaratutako artikuluak Science aldizkariko editoreen arreta irabazi zuen eta urte horretako lan onenen artean aukeratu zuten. 2003an <em>Aspergillus nidulans</em> onddoaren garapenaren azterketara egin genuen jauzi, industria mailan erabiltzen diren beste onddo batzuen ugalketa aztertzeko orduan modelo bezala duen erabilgarritasunagatik. Onddoak ekoiztutako bikarbonato anioiek bere hazkundea kontrolatzen dutela deskribatu dugu (Rodríguez-Urra et al., 2009) batetik, eta bestetik, <em>A. nidulans</em>-ek bi molekulen aktibitate koordinatua behar duela konidiazioa aktibatzeko: deshidroaustinloa eta diorzinola (Rodríguez-Urra et al., 2012).
2005 urtean, eta beti ere <em>A. nidulans</em>-ekin lanean, Biologia Molekularreko teknikak aplikatzen hasi ginen, garapena aktibatzen eta kontrolatzen duten geneak eta haietatik eratorritako proteinak identifikatu eta karakterizatzeko asmoz. Zehazki, inguruneko baldintzak detektatu eta dagokion aldaketa zelularrak aktibatzen dituzten proteinek zein mekanismo molekularraren arabera jokatzen duten ulertu nahi dugu. Ordutik, hainbat lan argitaratu dugu lehen mailako aldizkarietan, haietako batzuetan guk egindako argazkiek portada izatea lortu dutelarik. Arlo honetan gure lana FlbB eta FlbE deritzen bi proteína aztertzen zentratu da. Lehena transkripzio faktore bat da eta bigarrenak FlbB-k onddoaren zelulen barnean izan behar duen lokalizazioa zehazten du (Etxebeste et al., 2008; Etxebeste et al., 2009a eta 2009b; Garzia et al., 2009; Garzia et al., 2010). Maila honetan aritzen diren beste faktore batzuk ere karakterizatu ditugu berriki (Garzia et al., 2010) edo haien karakterizazioan hartu dugu parte (Kwon et al., 2010). Lan honek guztiak aztergai dugun onddoan mundo mailako erreferentzia bihurtzera eraman gaitu, 2010ean gai honen inguruko berrikuspen bi onartuak izan direlarik lehen mailako aldizkaritan. Bestetik, gure lanetako batek Molecular Microbiology aldizkariko editoreen interesa piztu zuen eta gaiaren inguruko "microcommentary" bat argitaratu zuten (Harris, 2009). Aurten, teknika transkriptomiko masiboak (RNA-sequencing) erabiliz bi artikulu argitaratzea espero dugu (Garzia et al., 2013). Bestean, FlbB proteinaren gabeziak eragiten dituen modifikazio transkripzionalak (Garzia et al., under review).
Onddoen garapenaren azterketan bildutako experientziak eta ezagutzak arlo aplikaturako jauzia emateko aukera eman digu. Gure taldeak berriki sortutako Biofungitek S. L. enpresarekin lankidetza akordioa sinatu du onddo patogenoen hazkunde eta garapena erregulatzen duten molekula endogeno (onddoak berak sortutakoak) berrien isolatze, identifikazio eta karakterizazioa burutzeko. Era honetan onddo patogenoen kontrako botika eta produktu eraginkor eta ingurugiroarekin errespetagarriagoak garatu ahal izango direla ziur gaude.