Epaimahaiaren erabakia - Ikusi dokumentua azkenean
T-IKER INIZIA SARIAREN II. EDIZIOAREN DEIALDIA
Lehenengo argitaratze data: 2018/11/19
T-IKER INIZIA SARIAREN II. EDIZIOAREN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
1.- HELBURUAK
Deialdi honen helburuak honako hauek dira:
UPV/EHUren Arabako Campuseko ikertaldeetan sortutako berrikuntza merkatura transferitu dadila sustatzea.
Unibertsitateko ikertzaileen artean enpresaren kultura bultzatzea eta hedatzea.
Unibertsitatearen ahalmen berritzailea ustiatzea enpresa berriak sortzeko.
2.- XEDEA
Deialdi honen bidez, honako ikerketa poriektu hauek saritu nahi dira: enpresa ekimen berritzaile zein ideia edo enpresa berritzaile edota oinarri teknologikodun enpresa bilakatzeko aukerarik gehien dutenak eta 4. oinarrian aipatutako pertsonek sustatuta daudenak.
3.- SARIAK
Hiru sari emango dira: lehenengo saria, 2.000 eurokoa, eta bi accesit, diru saririk gabekoak.
Horrez gain, hiru saridunek Inizia Arabacampuseko langile adituen laguntza jasotzeaz gain, 70.000 eurorainoko diru sari bat ere eskuratu ahal izango dute, BIC ARABAk kudeatutako eta Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko SPRIk gauzatutako laguntzen bidez (Emprender en Álava, EKINTZAILE eta BARNETEKIN programak), proiektuak garatu eta abian jartzeko.
Sariak emateko ekitaldi bat egingo da.
Epaimahaiak hala erabakiz gero, sariak eman gabe utzi ahal izango dira.
4.- PARTE HARTZAILEAK
Sari honetan parte hartu ahal izango dute UPV/EHUren Arabako Campuseko ikertaldeek.
5.- HAUTAGAITZAK AURKEZTEKO EPEA. AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA.
Hautagaitzak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 22an amaituko da, eta dokumentazio hau aurkeztu behar da:
- Eskaera, behar bezala beteta, agiri honen I. eranskinaren arabera.
- Proiektuaren laburpena, II. eranskineko gidoi-ereduaren arabera. Aurkezten den dokumentazioak, gehienez ere, 15 folio izango ditu.
- Ikertaldeko kide bakoitzaren curriculum vitaea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera, hautagaitzaren batek aurreko atalean adierazitako dokumenturen bat aurkeztu ezean, edo dokumentazioa oker aurkeztuz gero, eskatzaileari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela.
6.- ESKAERAK AURKEZTEKO LEKUA
Eskaera eta eranskinak Arabako Campuseko Errektoreordetzako edo Campuseko ikastegietako Erregistro Orokorreko bulegoetan aurkeztu beharko dira, ordutegi honetan: astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 16:30era; ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara.
UPV/EHUren Erregistro Orokorreko gainerako bulegoetan ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2018ko maiatzaren 21eko Erabakiaren —UPV/EHUko Erregistro Orokorreko bulegoen zerrenda eguneratua argitaratzekoaren— II. eranskinean aipatzen direnetan; baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak 16. artikuluan ezarritako moduan ere.
Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 945 014307 telefonora edo idatzi ar-praktikak@ehu.eus helbidera (Arabako Campuseko Errektoreordetza).
7.- HAUTAGAITZAK BALORATZEA
7.1.- Epaimahaia
Arabako Campuseko errektoreordeari dagokio sarien eta accesiten gaineko erabakia ematea, epaimahaiaren proposamena jaso ondoren. Honako hauek izango dira epaimahaia osatuko duten kideak:
- Hedakuntzaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzako ordezkari bat.
- Ekintzailetzan aditua den UPV/EHUko irakasle bat.
- Arabako Campusaren Garapenerako eta Kanpo Harremananetarako zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
- Arabako Eraberrikuntza Industrialdeko (BIC Araba) ordezkari bat.
7.2.- Balorazio irizpideak
Hautagaitzak aurkezteko epea amaitutakoan eta bosgarren atalean aipaturiko dokumentuak aurkeztu direla egiaztatu ondoren, epaimahaiak aurkeztu diren proiektuak baloratzeari ekingo dio, honako irizpide eta puntuazio hauen arabera:
- Proiektuaren izaera berritzailea. Gehienez 35 puntu.
- Proiektuaren emaitzak transferitzearen eragina eta merkatu potentziala. Gehienez 35 puntu.
- Kontrastea eta kanpoko aitortzak. Gehienez 15 puntu.
- Talde sustatzailearen konpromisoa eta esperientzia, eta berrikuntzak sortzeko gaitasuna (15 puntu).
Gutxienez 50 puntu lortzen dituzten proiektuak bakarrik saritu ahal izango dira.
Epaimahaiak saria eta accesitak eman gabe uztea proposatu ahal izango du baldin eta proiektuek eskatzen den gutxieneko puntuaziorik lortzen ez badute.
Halaber, proiektuak baloratzeko, aurkeztutako dokumentazioari buruzko argibideak ematea edo dokumentu gehiago aurkeztea eskatu ahal izango du epaimahaiak, baita parte hartzaileekin elkarrizketa pertsonalak egitea ere, beharrezko ikusiz gero.
7.3.- Sarituak proposatzea
Proiektuak aurreko ataleko irizpideen arabera baloratu ondoren, epaimahaiak, hala badagokio, hiru puntuazio onenak lortu dituztenei saria ematea proposatuko du.
Epaimahaiak sariak emateko eginiko proposamena Arabako Campuseko errektoreordeari helaraziko zaio, hark erabakia eman dezan (erabaki hori INIZIAren web gunean argitaratuko da).
Arabako Campuseko errektoreordeak sariei buruz emandako erabakiaren aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke erabakia eman zuen organoari, hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke dagokion administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
8.- SARIAK JUSTIFIKATZEA ETA ORDAINTZEA
Sariaren zenbatekoa saritutako proiektuaren garapenarekin zuzenean lotutako jarduerek edota zerbitzuek eragindako gastuak ordaintzeko izango da eta eragiketa bakarrean ordainduko da. Sariak emateko ekitaldi publiko bat egingo da.
Sariaren zenbatekoa jarduera edota zerbitzu horietan erabili dela justifikatzeko, jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira 2020ko abenduaren 31 baino lehen; jasotako sariaren diru kopurura iritsi behar dute, gutxienez.
Justifikazio agiri horiek 2021ko abenduaren 31a baino lehen aurkeztu beharko dira, agiri honi erantsitako ereduaren (III. eranskina) arabera, 6. oinarrian aipatutako bulegoetan.
Gastuak justifikatzeko epea amaitutakoan, gastu horiek jasotako sariaren xede diren jarduera edota zerbitzuetan egin direla egiaztatuko du epaimahaiak, eta, hala badagokio, gastuok ordaindu egingo dira.
Aldiz, epaimahaiak gastu guztiak edo batzuk beste zerbaitetan egin direla egiaztatzen badu, gastu horiek justifikatu gabekotzat hartuko dira, eta galdu egingo da saria jasotzeko eskubidea.
Sariari dagozkion atxikipena eta konturako sarrerak aplikatuko zaizkio. Nolanahi ere, irabazleen ardura izango da aitorpena egitea eta aplikagarri zaizkien zerga betebeharrak onartzea.
9.- UPV/EHUren ALDEKO BAIMENAK
Proiektuak aurkeztearekin batera, UPV/EHUri baimena ematen zaio proiektu horien izenburua eta gaia eta proiektuen egileen izenak zabaltzeko
—edozein hedabideren bitartez—. Unibertsitateak aurkezten diren proiektuen edukiaren konfidentzialtasuna bermatuko du.
10.- OINARRIAK ONARTZEA ETA GORABEHERAK
10.1.- Parte hartzaileek, deialdian parte hartzearekin batera, deialdian zehazturiko baldintza guztiak onartzen dituzte, eta haien menpe geratzen dira.
10.2.- Gerta daitezkeen gorabeherak eta oinarri hauetan aurreikusi gabeko egoerak epaimahaiak ebatziko ditu, eta, prozedura aldetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea aplikatuko da.
10.3.- Arabako Campuseko Errektoreordetzak deialdi hau behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu.
Dokumentuak
- (Beste leiho bat zabalduko du)2020 OINARRIAK (pdf ,1,57 Mb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)2020 ERABAKIA (pdf ,654,60 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Eranskina I (doc ,545,50 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Eranskina II (doc ,644,00 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Eranskina III (doc ,361,00 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)SARIEN EMAKIDAREN EBAZPENA (pdf ,189,73 Kb)