Zientzia Astea
Zientzia Astea urtero antolatzen den ekitaldi bat da, helburu duena herritarren artean kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jardueren bidez. Zientzia Astean UPV/EHUko langileek parte hartzen dute, modu aktiboan, mende honen hasieran egiten hasi zenetik. Ekitaldia azaroko lehen hamabostaldian izaten da.
Zientzia Asteak bi publiko mota ditu xede. Bata da DBHko eta Batxilergoko ikasleen kolektiboa, eta, beraz, ikasle horientzat jakintza arloetako txoko eta tailerretan gidatutako ibilbideak antolatzen dira, betiere beren ikasketa mailetara egokitutako edukiak eskainita. Bestea da publiko orokorra, txoko zientifikoetara eta beste hainbat jardueratara sartu ohi dena: tailerrak, hitzaldiak, ibilbide didaktikoak, ikuskizunak, txango gidatuak, bakarrizketa zientifikoak eta abar. Horien bidez, herritarren zientziarekiko interesa sustatu nahi da, baita lagundu ere bisitariek lan zientifikoaren ezaugarriak eta UPV/EHUn egunerokotasunean garatzen duten pertsonen ezaugarriak bertatik bertara ezagut ditzaten.
Euskadiko jarduera zientifiko garrantzitsuenen kultur eskaintza osatzen duen ekitaldia da, eta adin guztientzako jarduera interesgarriak eskaintzen dituena.
Helburuak
Zientzia Astearen helburu nagusia da herritarren artean zientziarekiko eta teknologiarekiko, artearekiko eta giza zientziekiko interesa modu interaktiboan sustatzea. Ekitaldiak honako alderdien balioa nabarmentzen du: berrikuntza eta diseinua, jakintzarekiko kezka eta irudimena.
Horretarako, Zientzia Astean jakintza arlo guztiak egon daitezen saiatzen gara. Besteak beste, arlo hauetako jarduerak antolatzen dira: fisika, biologia, arkeologia, ingeniaritza, robotika, erizaintza, hizkuntzalaritza, geologia, antropologia, kimika, historia, elektronika, matematika, geografia, medikuntza, telekomunikazioak, energia berriztagarriak, nanozientzia, psikobiologia, biodibertsitatea, astronomia edo nutrizioa.
Ekitaldiaren helburua da ikerketaren emaitzak zabaltzea protagonisten eskutik erakutsita.
Era berean, antolatzaileek zientzia, teknologia eta ikerketa komunikatzeko eta hedatzeko jarduera zehatzak egiten eta sustatzen dituzte, gizartean eta hedabideetan ahalik eta eragin handiena izan dezaten.