plan estrategikoa 2022-2025 PLAN ESTRATEGIKOA EGITEKO METODOLOGIA

PLAN ESTRATEGIKOA EGITEKO METODOLOGIA

Plan Estrategikoa partaidetza prozesu baten bitartez egin da, non unibertsitateko eta gizarteko hainbat kolektibok izan duten parte hartzeko aukera. Hiru fasetan egin da: atariko fasean, oinarri dokumentu bat idatzi, gero Klaustroan onartu da; bigarren fasean, unibertsitateko kideek proposamen bat landu dute, gero gizartea ordezkatzen duen Gizarte Kontseiluarekin eztabaidatuko dena, eta, azkenik, hirugarren fasean, plana aurkeztu eta Gobernu Kontseiluak onartu egin beharko du.

 

1. Atariko fasearen helburua izan da oinarrizko proposamen bat prestatzea, UPV/EHUko Klaustroko kideek ekarpenak egin ditzaten, ondoren organo horretan eztabaidatu eta onartzeko. Proposamen horrek bilduko ditu UPV/EHUren beste plan batzuetako ekarpenak, unibertsitateko kideen partaidetzaz egin direnak eta unibertsitateko hainbat erabaki instantziek onartu dituztenak.

 

2. Bigarren fasean partaidetza prozesua burutu zen, eta horren bidez unibertsitateko kideek eta herritarrek ekarpenak egin zizkioten Plan Estrategikoaren proposamenari.

Fase honetan zehaztu ziren ardatz bakoitzeko helburu estrategikoak lortzeko ildo eta ekintza estrategikoak. Horretarako, bi partaidetza maila bereizi dira: barnekoa eta kanpokoa.

Barne partaidetzako prozesua identifikaturiko ardatz bakoitzerako eratutako lan batzordeen bidez egituratu zen. Batzorde bakoitzak helburuak lortzeko aukera emango duten ildo estrategikoak zehaztu eta ekintzak identifikatu zituen.

Batzordeetako kideak kasuan kasuko ardatzari lotutako unibertsitateko taldeen ordezkariak izan ziren, eta ardatz bakoitzari dagokion arloan eskumenak dituzten errektorego taldeko kideek edota zuzendaritza organoetako kideek dinamizatu zituzten (koordinatzaileak) batzordeak. Batzordearen koordinatzaile hori arduratu da ekarpenak jasotzeaz, lanerako dinamika eta metodologia proposatzeaz, eta proposamena lantzeaz.

Batzorde bakoitzak, beraz, kide hauek izan ditu:

  • Koordinatzailea.
  • Ardatz bakoitzarekin lotutako estatutu batzorde bakoitzeko kide bat:
    • Prestakuntza ardatzerako, Graduko Batzordekoa eta Graduondokoen Batzordekoa.
    • Ikerketa ardatzerako, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordekoa.
    • Gizartea ardatzerako, Berdintasun Batzordekoa, Garapenerako Lankidetza Batzordekoa eta Euskara Batzordekoa.
    • Pertsonak ardatzerako, Unibertsitateko Irakasleen Batzordekoa.
    • Azkenik, Gobernantza eta Baliabideak ardatzerako, Estatutuak Garatzeko Batzordekoa eta Gobernu Kontseiluko Ekonomia Batzordekoa.
  • Graduko Batzordeko 1 ikasle eta Graduondokoen Batzordeko 1 ikasle.
  • Ardatz estrategikoari lotutako AZPko langileen 2 ordezkari, ardatzaren koordinatzaileak proposatuta.
  • Ardatz estrategikoari lotutako 6 irakasle-ikertzaile, edo batzordeak 15 kide izateko behar den kopurua.

Taldeetan parte hartzeko nahikoa zen interesa izatea eta nork bere burua eskaintzea.

Parte hartzeko eskaerek gomendaturiko gehieneko parte hartzaile kopurua (15 kide lan batzorde bakoitzeko) gainditu dutenez, irizpide hauei jarraikiz hautatu dira kideak: oreka campusen artean, generoen artean eta jakintza eremuen artean, eta kideen erdiak gutxienez elebidunak izatea.

Kanpoko partaidetza antolatzeko Gizarte Kontseiluaren ekarpenak jasoko dira, eta, era berean, lan saio bat antolatuko da unibertsitatearekin denbora luzez harreman estua izan duten erakundeen ordezkariekin, gaia eztabaidatzeko.

 

3. Azkenean, amaierako fasean, beste partaidetza fase berri bat garatu da, dokumentua zabaltzeko unibertsitateko kide guztiei, erakundearen webguneko tresna interaktibo baten bidez. Balorazioak, iradokizunak eta iruzkinak aurkezteko epea amaitu eta horiek aztertu ondoren, Plan Estrategikoa aurkeztuko da Gobernu Kontseiluan, eztabaidatzeko eta onartzeko.