honoris Julián de Ajuriaguerra

Julián de Ajuriaguerra

Izen-abizenak:

Julián de Ajuriaguerra
 

Inbestidura eguna:

1978ko apirilaren 15a
 

Jakintza arloa:

Psikiatria
 

Proposamena egin duen organoa:

Medikuntza Fakultatea
 

Aitabitxia edo amabitxia:

José Guimón Ugartechea
 

Arrazoia:

Isil samarra zen, baina alaia eta lehiakorra. Bilbotik alde egin zuen Medikuntza ikasteko: 1927an hasi zituen ikasketak, 16 urte besterik ez zuela, eta 1933rako "Senako Ospitale Psikiatrikoetako eguneko ikasle" zen. Ez zuen Frantziako nazionalitaterik, eta, ezin zenez mediku aritu, Sainte-Annen zaintzak egiten atera behar izan zuen bizimodua. Minari buruz idatzi zuen doktorego tesia (Barojak ere gai hori bera hautatu zuen berea egiteko), eta Jean Delay izan zuen zuzendari, Frantziako psikiatriaren arloko azken "patroi handia". Bere karrera aitortzeko egin behar izan zuen tesia, Frantziako nazionalitatea lortu ostean. Aldi berean, Neurologiaren ikertzaile bikainenetako bat izan zen, eta 1952an, M. Hécaenekin batera, "gorputzaren irudi espaziala" deitu izan zaionaren integrazioari eta desintegrazioari buruzko azterlanak argitaratu zituen. Ajuriaguerrak ahalik eta gehiena garatu zituen tonuaren, gorputz adierazpenaren eta bizimodu emozionalaren arteko loturak. Walloni jarraituz, afektibitateak muskulu tonuarekin (batik bat edoskitzailearekin) dituen loturak izan zituen aztergai bere ibilbide osoan. Europako psikiatriaren arloko pertsona garrantzitsu eta eragileenetako bat bihurtu zen, eta Ginebrako Katedra zuzentzeko ardura hartu zuen. Han, laster abian jarri zuen erreforma plan bat, atzerriko herrialde askorentzat berehala eredugarri bihurtu zena, eta mundu osoko psikiatrak erakarri zituen bere zerbitzuetan prestakuntza jasotzera. Mundu guztian garatzen ari zen psikiatria biologikoaren joera ikusirik, Ginebrako Sailean ikerketa laborategiak sorrarazi zituen, eta emaitza garrantzitsuak lortu ziren haietan. Ikusgarriena Bel-Airreko eroetxea irekitzea izan zen: klinika eredugarri eta ireki bihurtu zuen. "Izan ere, nik askatasuna maite dut, eta guk ezin badugu eragin Bel-Airrekook gizartean onartuak izatea, gizartea sarrarazi behar da bertan, nahaste moduko hori sortzeko eta psikiatriaren mitoa suntsitzeko". Ildo horretatik, jendea ospitalera alferrik ez eramateko ahaleginak egin zituen, eta, Ginebrako lankideekin batera, ikuspuntu "erretro-genetikotik" landu zuen funtzio sinbolikoek eta muskulu tonuak dementzietan eragiten duten desintegrazioa, funtzioen ontogenesiaren gainean zituen ezaguera zabalak baliatuta. Ajuriaguerrak, Piageten ebaluazio probak erabiliz, deskubritu zuen zoroen jokabideak garapen genetikoko eboluzioaren ordena hierarkikoaren alderantzizko etengabeko ordenan desantolatzen direla. Funtzio sinbolikoen nahasmenduekiko paraleloki, muskulu tonua pixkanaka desintegratzen da, endekapenezko erotasunek aurrera egiten duten heinean. Erotasunak haurretan ohikoak diren portaera instintibo-erreflexuak agerrarazten ditu, baina desagertuz joaten dira aurrera egin ahala. Era berean, berriro agertzen dira tonu muskularra heltzean haurrak galdu zituen fenomenoak; besteak beste, sinzinesiak. 1975ean, erretiroa hartzean, Parisen berriro egin zuen topo neuropsikologiaren garapenaren inguruko ikerketa taldearekin, eta haiekin batera jarraitu zituen Ginebran hasitako ikerketak, Haurraren Psikiatriaren Eskuliburua (1974) bere lanik ezagunena argitaratzean. Haur psikiatriaren arloan egindako aurkikuntzen artean nabarmentzekoa da "elkarrizketa tonikoa" delakoa. Larruazalen arteko harremana eta elkarrizketa tonikoa ezinbestekoak dira atxikimendurako, Ajuriaguerrak erakutsi zuen bezala: "Haurrak eta amak larruazalaren bidez hitz egiten dute elkarrekin, eta usaimenak, ukimenak eta ferekek esku hartzen dute bi tonu muskularreko, bi larruazaleko eta bi begiradako elkarrizketa horretan". Jose Miguel Barandiaran eta Julian Ajuriaguerra Honoris Causa doktore izendatzeko akademia ekitaldi solemnean lehendabizikoz kantatu zuen Unibertsitate Abesbatzak.
 

Gobernu Kontseiluan onartu zen eguna:

1977/06/07