Hauteskunde arautegiari buruzko galderak
- 1. Nola zenbatzen dira epeak?
- 2. Nori zuzendu behar natzaio hauteskunde prozesu jakin bati buruzko galderak egiteko?
- 3. Hauteskunde mahaiko kide izendatu naute. Badaukat uko egiteko aukerarik?
- 4. Zer egin dezaket hauteskunde erroldan ageri ez banaiz?
- 5. Lanerako ezintasun iragankorra badaukat, eman dezaket botorik hauteskundeetan?
- 6. Hautesle errolda batean baino gehiagotan egonez gero, eman dezaket boto bat baino gehiago hauteskunde prozesu berean?
- 7. Eman dezaket botoa ikasleen taldean irakasle eta ikertzaileen taldekoa edo AZPkoen taldekoa banaiz?
- 8. Zein hauteskunde talde dago ikastegietako batzarretarako hauteskundeetan?
- 9. Zein osaera dauka saileko kontseiluak?
- 10. Saileko kontseiluan, non sartzen dira ikertzaile kontratatu ez doktoreak?
- 11. Hauteskunde egunean ezin naiz botoa ematera bertaratu. Badaukat botoa emateko aukerarik?
- 12. Noiz bukatzen da eskolaldia hauteskunde prozesua deitu aldera?
- 13. Hautagai izan nahi dut kide anitzeko organo baterako hauteskundeetan. Zer egin behar dut?
1. Nola zenbatzen dira epeak?
Besterik adierazi ezean, epeak egunetan jartzen badira, egun baliodunak bakarrik hartuko dira kontuan; beraz, ez dira zenbatuko igandeak eta jaieguntzat jotakoak. Ondorioz, larunbatak egun balioduntzat hartuko dira epeak zenbatzean. Epea, bestalde, dena delako egintza jakinarazi edo argitaratu den egunaren biharamunetik kontatzen hasita zenbatuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak ezartzen du, urtero, urtea hasi aurretik, epeak zenbatzeko egun baliogabeen egutegia, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen du. Hala ere, kontuan izan behar da epe-kontuetarako egun bat baliodun edo baliogabetzat jotzeak ez duela zertan eraginik izan ez herri administrazioetako lantokietako jardueran, ez lan-orduen antolaketan, ezta herritarrek erregistroez baliatzeko duten eskubidean ere. (Administrazio eta Prozedura Legea, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 48. artikulua)
2. Nori zuzendu behar natzaio hauteskunde prozesu jakin bati buruzko galderak egiteko?
Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 12. artikuluari jarraituz, unibertsitateko kideek hauteskunde prozesuari buruzko galderak egin ahal izango dizkiote kasuan kasuko hauteskunde batzordeari, idatziz edo ahoz.
3. Hauteskunde mahaiko kide izendatu naute. Badaukat uko egiteko aukerarik?
Ez. Hauteskunde mahaiko buru edo kide izatea egokituz gero, nahitaezkoa da eginkizun hori bete¬tzea.
Hala ere, izendapenari uko egiteko aukera izango duzu agiri bidezko arrazoi justifikatuak aurkez¬tuta hauteskunde batzordeko idazkariari. Horretarako epea hauteskunde eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenagora artekoa izango da.
Idazkariak hartuko du horren inguruko erabakia, eta ordezkorik izenda-tzekotan, horren berri eman beharko du. Kontuan izan mahaia eratzean ez bertaratzeak zehapenak ezartzea ekar dezakeela (Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra, 13.2 eta 13.3 artikuluak).
4. Zer egin dezaket hauteskunde erroldan ageri ez banaiz?
Baldintzak bete eta hauteskundeetako erroldan egon behar zarela uste baduzu, horren berri eman beharko diozu hauteskunde batzordeari, behin-behineko erroldak argitaratzen direnean erreklamazioetarako zehaztutako epearen barruan. Behin betiko erroldak behin argitaratuta, ezin izango da aldaketarik egin.
5. Lanerako ezintasun iragankorra badaukat, eman dezaket botorik hauteskundeetan?
Lanerako ezintasun iragankorra izatea ez da eragozpen hauteskundeetan botoa emateko, betiere, hautesle edo hautagarri izateko baldintzak betetzen badituzu Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3. artikuluari jarraituz.
6. Hautesle errolda batean baino gehiagotan egonez gero, eman dezaket boto bat baino gehiago hauteskunde prozesu berean?
Ez. Inork ezin du boto bat baino gehiago eman hauteskunde prozesu berean. Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean jasota daude irizpideak hautesle bakoitzak zein hauteskunde barrutitan eta taldetan eman behar duen botoa zehazteko. (Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3. artikulua)
7. Eman dezaket botoa ikasleen taldean irakasle eta ikertzaileen taldekoa edo AZPkoen taldekoa banaiz?
Ez, inoiz ez. Irakasle eta ikertzaileen taldekoa edo administrazio eta zerbitzuetako langileen taldekoa bazara, ezin izango duzu parte hartu ikasleen taldetik, Estatutuetako 163.3 artikuluari jarraituz.
8. Zein hauteskunde talde dago ikastegietako batzarretarako hauteskundeetan?
Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3. artikuluan zehazten diren hautesle eta hautagarriak lau hauteskunde taldetan banatzen dira. Irakasle eta ikertzaileak, hain zuzen ere, bi hauteskunde taldetan banatzen dira, horretarako irizpide izanik UPV/EHUrekin lotura iraunkorra izatea edo ez. Hau da, 3. artikuluko 2. ataleko a) eta b) letretan zehaztutakoek talde bakar bat osatzen dute. (Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 16. artikulua)
9. Zein osaera dauka saileko kontseiluak?
Saileko kontseiluko kide dira, zuzendariaz eta saileko idazkariaz gain: irakasle eta ikertzaile doktore guztiak (iraunkorrak zein ez iraunkorrak); irakasle eta ikertzaile iraunkor guztiak (doktoreak izan, zein izan ez); gutxien dela ikasleen ordezkari bat, sailak irakaskuntza ematen duen ziklo bakoitzeko (1. eta 2. ziklokoa ikastegiko ikasleen kontseiluak aukeratzen du; 3. ziklokoa, UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako Ikasleen Kontseiluak); gutxien dela AZPko ordezkari bat; gainontzeko irakasle eta ikertzaileen ordezkariak, saileko arautegian jasotakoari jarraituz (sailak arautegirik ez badauka, Sailen Oinarrizko Arautegia ezarriko da, eta horren arabera, gainontzeko irakasle eta ikertzaileei ordezkari bat dagokie bost kideko).
Iraunkorra izatea eta egonkorra izatea ez dira gauza bera. Iraunkorrak dira karrerako funtzionarioak (ez bitartekoak) eta lan kontratudun finkoak. Esaterako, hona hemen saileko kontseiluko berezko kide izateagatik botoa emateko eskubidea daukaten irakasle eta ikertzaile kategorien zerrenda:
Irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreak:
- Unibertsitateko katedradunak
- Unibertsitateko irakasle titularrak
- Doktoreak diren unibertsitate eskolako katedradunak
- Doktoreak diren unibertsitate eskolako irakasle titularrak
- Irakasle osoak
- Irakasle agregatuak
- Unibertsitateko edo unibertsitate eskolako irakasle lankide doktore iraunkorrak
- Ikerketako irakasleak
- Doktore ikertzaileak
- SHEEko irakasle doktore iraunkorrak
Irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreak:
- Doktoreak ez diren unibertsitate eskolako katedradunak
- Doktoreak ez diren unibertsitate eskolako irakasle titularrak
- Unibertsitateko edo unibertsitate eskolako irakasle lankide iraunkor ez-doktoreak
- SHEEko irakasle iraunkor ez-doktoreak
- Nautikako Eskola Ofizialeko irakasle numerario iraunkorrak
10. Saileko kontseiluan, non sartzen dira ikertzaile kontratatu ez doktoreak?
Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 13. artikuluan dio: "1.- Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle taldea osatzen dute unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasleek eta lan zuzenbideko araubidearen arabera kontratatutako irakasleek eta ikertzaileek. 2. Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuetan bermatu egin behar da kontratatutako langileek unibertsitateko irakasleen kidegoetako langileen antzeko baldintzetan egongo direla gobernu organoetan." Artikulu hori oinarri hartuta, Estatutuetako 209. artikuluan saileko kontseiluan gainontzeko irakasle eta ikertzaileek izango duten ordezkaritza interpretatzerakoan, eta Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko xedapen iragankorrean jasotakoa interpretatzerakoan, esan behar dugu doktore ez diren ikertzaile kontratatuak irakasle ez doktoreen taldean sartu behar direla.
11. Hauteskunde egunean ezin naiz botoa ematera bertaratu. Badaukat botoa emateko aukerarik?
Bai, baldin eta hauteskundeak sufragio unibertsalaren bidezkoak badira. Horrelakoetan, aldez aurretik eman dezakezu botoa hauteskunde batzordean: batzordeak onartu egin behar du botoa eta egiaztagiria eman beha dizu. Botoa aldez aurretik emateko epea hauteskunde egutegian jasokoa izango da, baina, edozelan ere, hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen direnetik botazio eguna baino 48 ordu lehenagoko tartera bitartean izan behar da.
Aldiz, kide anitzeko organoaren barruan egiten den hauteskundea bada, organoari buruzko arautegian beren-beregi jasota egon behar da botoa aldez aurretik emateko eskubidea; horrela ez bada, ezin izango duzu eman.
12. Noiz bukatzen da eskolaldia hauteskunde prozesua deitu aldera?
Uztailean, kalifikazioen azken akta argitaratzen denean.
Edozelan ere, kontuan izan kide anitzeko organoetarako ikasleen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak urtero egin behar direla, oro har, azaroaren 30etik urtarrilaren 30era bitartean (HAOko 16.5 artikulua).
13. Hautagai izan nahi dut kide anitzeko organo baterako hauteskundeetan. Zer egin behar dut?
Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 5. artikuluari jarraituz, kide anitzeko organoetako ordezkariak hautatzeko hautagai zerrendak kolektiboak, itxiak eta ordenatuak izango dira, eta kasuan kasuko hauteskunde batzordeari aurkeztu beharko zaizkio hautagai guztien sinadurarekin. Hautagai zerrendek kasuan kasuko hauteskunde taldeari dagozkion kideen laurdenak edo gehiago bete behar dituzte, eta, edozelan ere, gutxienez hautagai bi. Zerrendan, edonola ere, emakumezko bat, gizonezko bat, emakumezko bat, gizonezko bat.... hurrenkera bete behar da. Kide anitzeko organo batean gizonen eta emakumeen presentzia orekatua dela esateko beharrezkoa da gizonak eta emakumeak gutxienez kideen %40 izatea. Aparteko kasuetan, taldean sexu batekoak %25 baino gutxiago badira, zerrenda hori kontuan hartuta osatu beharko da.