contenido_isas deskribapena

ISAD(G) deskribapena, funts mailan

1. Identifikazio atala

1.1. Erreferentzia kodea

1.2. Izenburua
Luis Ruiz de Aguirre funtsa

1.3. Data
1937-1989

1.4. Deskribapen maila
Funtsa

1.5. Deskribapen unitatearen bolumena eta euskarria
10 dokumentazio kutxa, 52 argazki, 1 agiri markoztatu


2. Inguruabarren atala

2.1. Ekoizlearen/metatzailearen izena
Luis Ruiz de Aguirre Urquijo

2.2. Erakunde historia / Biografia laburra
Luis Ruiz de Aguirre Urquijo Barakaldon jaio zen 1908ko azaroaren 18an, eta Donostian hil 1989ko uztailaren 26an. Salestarretan ikasi zuen, eta Euskalduna landa eskolan gero. Euskalduna ontzioletan aritu zen lanean, delineatzaile.

Ruiz Aguirre oso gaztetatik izan zen erakunde abertzaleen militante, esaterako, ELAkoa (Eusko Langileen Alkartasunekoa) eta Barakaldoko Euzko Gaztedikoa. Azken erakunde hori Eusko Abertzale Ekintzan (ANV) sartu zen 1930ean. ANV alderdi akonfesionala eta ezker moderatukoa zen, EAJren zatiketa batetik sortua.

II. Errepublika ezarrita, Ruiz de Aguirre politikan sartu zen; ANVren kordako prentsan idazten zuen, El Nacionalista-n, gerora Tierra Vasca deituan, eta udal elkarteko jardueretan parte hartzen zuen. Hala, ANVren idazkari eta presidente izan zen Barakaldon, eta ANVren Batzorde Nazionaleko kide. Liskar politikoen ondorioz, alderdi guztiek talde paramilitarrak eratu zituzten (erreketeak, mendigoizaleak, miliziak, etab.), eta horietako baten kide izan zen. Armak erosten eta preso abertzaleei laguntzen jardun zen. 1934ko matxinadan parte hartu zuen, eta urte horretan Bilboko udalbatzako idazkari izan zen. 1936an, Barakaldoko Euzko Gaztediren barnean, ANVtik bereizi, eta Eusko Alderdi Jeltzalearekin koalizioan aurkeztu ziren hauteskundeetara.

Espainiako Gerra Zibilean, arlo militarrean jardun zen, politikoan baino gehiago, eta ANVren 1. batailoiko kapitain izan zen (Euskadiko armada erregularreko 6.a). Beraz, lehen lerroan izan zen borrokaldietan. Gipuzkoako kanpainan, Villarrealeko guduan eta Bizkaiko kanpainan parte hartu zuen. 1937ko maiatzaren 17an, Agirre lehendakariak Euzkadiko Gerra komisario nagusi izendatu zuen (teniente koronelaren baliokidea), Jesús Larrañagarekin (PCE), José María Lasarterekin (EAJ), Máximo Astizekin eta Cecilio Egañarekin batera.

Bilbo ekainean erori zenean, Ruiz de Aguirre eta Eusko Armadaren hondarrak Santanderrera joan ziren, eta, ANVren ordezkaritzan, EAJren zuzendaritzaren eta tropa italiarren arteko Santoñako Itunera atxiki zen azken orduan. Donibane Lohitzunera joan zen euskal ordezkari gehiagorekin batera Keith destruktorean, Leizaola (EAJ) eta Nardiz (ANV) sailburuek eta Troncoso koronel frankistak 1937ko abuztuaren 25ean hitzartutako preso politikoen truke bati esker. Gerra amaitu arte iparraldean egon zen, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren barnean, bere alderdiaren esku zegoenez.

Gerra amaituta, Venezuelara deserriratu zen. ANVren presidente izan zen eta Tierra Vasca-rekin kolaboratzen jarraitu zuen. Bertan ekin zion literatura ibilbideari, parte hartu zuen guduak kontatzeko. Sancho de Beurko goitizena erabiltzen zuen.

1960ko hamarkadan, Donibane Lohitzunen ezarri zen, harik eta Hondarribira behin betiko lekualdatu zen arte. Frankismoaren hondarretan eta trantsizioaren hastapenetan ANVn jarraitu zuen, baina alderdia Herri Batasuna koalizioan sartu zenean, ANV historikoa sortu zuen. Nolanahi ere, gutxi iraun zuen.

Haren obra aipagarrienak dira Gudaris (Buenos Aires, 1942), gerrari buruzkoa; Vascos por el Mundo, Donibane Lohitzune, 1977; hitzaurrea eta oharrak El Informe del Presidente Aguirre al Gobierno de la República idazkian, Bilbo, 1978; Pido un monumento, Bilbo, 1978; Eloyren hitzaurrea. Euskadi en Llamas, Gasteiz, 1979; Viento y agua por los caminos, Bilbo, 1980; El Ejército Vasco, Historia General de la Guerra Civil en Euskadi, IV. liburukia, Bilbo, 1981; eta Semillas de mis surcos, Bilbo, 1985. Halaber, gai historiko-politiko eta literarioko artikulu asko argitaratu zituen Tierra Vasca, Euzkadi (Caracas), Euzko-Gaztedi, Gernika eta Euzko Dey aldizkarietan.

Azken urteetan, Ruiz de Aguirrek bere funts bibliografiko eta dokumentalak Euskal Herriko Unibertsitatera eramatea erabaki zuen. 1987an, UPV/EHUren Bibliotekak haren prentsa bildumak eskuratu zituen, deserriko garaiari buruz duten garrantziagatik (Parisko eta Mexikoko Euzko Deya, Alderdi, OPE, etab.). Horiekin «40 años de historia» izeneko erakusketa antolatu zuen Hemerotekak. 1988an eta 1989an, haren liburu bilduma UPV/EHUra eraman zen, eta 1989ko uztailean, hil baino aste batzuk lehenago, haren artxibategi osoa eraman zen Unibertsitateko Bibliotekara.

2.3. Historia artxibistikoa
Ruiz de Aguirre artxiboaren oinarria da berak 1937an Santoñako portutik atera ahal izan zuen dokumentazio militarra. Bildu zituen paper eta argazkiei, «Bidasoa, Instituto de Historia Contemporánea» erakundeak (Bidasoa Institutua) berreskuratutako dokumentazioa gehitu zitzaien. 1972an sortu zen elkarte pribatu hori, Eugène Goienetxe historialari lapurtarraren etxean, Euzkadiko armadari, erbesteari eta II. Mundu Gerran izandako parte hartzeari buruzkoak ikertu eta argitaratzea sustatzeko. Horretarako, askotariko materialak bildu ziren, tartean, Jaurlaritzaren eta armadaren agiri ofizialak eta protagonistek beraiek emandako memoriak, argazkiak eta txostenak.

2.4. Sarbidea
Erosketa

3. Eduki eta egitura arloa

3.1. Helmena eta edukia
Ruiz de Aguirre artxiboaren zatirik handiena kopiak dira, ez ordea Gerra Zibileko dokumentuena, baizik eta memoriak eta geroagoko dokumentazioa, 1960ko hamarkadakoa. Hala ere, dokumentazio interesgarria da, gerrari buruzko memoria eta txosten asko daudelako, batik bat, euskal abertzaletasunaren pertsonaia ezagunen eta unitate militarren paperari buruzkoak.

Agiriak biltzeko lana utzi ostean, Luis Ruiz de Aguirrek artxiboa kontserbatzea bermatu zuen; Bidasoa Institutuaren dokumentazioaren kopia bat eman zion 1985ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari –Irargi, Dokumentu Ondarearen Zentroari (Bergara); egun Euskadiko Artxibo Historikoa da–; eta bere artxibo osoa UPV/EHUri 1989an –tartean, balio handiko original batzuk–.

3.4. Antolaketa
56 sorta, 65 karpeta eta 140 espediente

 

4. Sarbide eta erabilera baldintzen atala

4.1 Sarbide baldintzak
Izaera publikoko artxibo funtsa. Jatorrizko agiriak, kontserbazio egoera dela eta, ezin dira zuzenean kontsultatu. UPV/EHUren Errepositorio Instituzionalaren bidez kontsulta daitezke (ADII). UPV/EHUk, edonola ere, datu pertsonalak dituzten sarbide mugatuko agirietarako sarbidea bermatuko du (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 57.c artikulua; Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikulua; Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 11. artikulua; eta EAEko Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea).

4.2. Erreprodukzio baldintzak
Ezin dira originalak zuzenean erreproduzitu, agirien euskarrien kontserbazio egoera dela eta. Kopia digitalen erreprodukzioa librea da, EAEko Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak jasotako mugen barnean.

4.3. Agirien hizkuntza
Dokumentazio gehiena espainieraz dago.

4.4. Ezaugarri fisikoak eta betekizun teknikoak
Kontserbazio egoera, oro har, ona da.

4.5. Deskribapen tresnak
VARGAS ALONSO, Francisco Manuel: Bilbao Bizkaia Kutxa beka. Memoria. Bidasoa dokumentu funtsaren deskribapena, Bilbo, 1995, 398 orrialde. Ale mekanografiatua (CDko bertsioa dago), artxiboaren funtsa deskribatzen duten 335 fitxak dituena, agiri bakoitzari buruzko 14 sarreratan: Funtsa, atala, seriea, deskribapena, pertsona izenak, leku izenak, erakundeak, gaiak, datak, instalazio unitatea, signatura, hizkuntza, orrialde kopurua eta funtsaren egoera
VARGAS ALONSO, Francisco Manuel: El Archivo de Luis Ruiz de Aguirre (Sancho de Beurko), bilduma. Boletín del Archivo y Biblioteca Municipales de Rentería. Errenteriako Udal Artxibategiaren aldizkaria, 1998, 12. zk., 199-285 or. Funts bakoitzaren izena ageri da lan horretan, atala eta seriea zehaztuta; dokumentuaren deskribapen laburra; materiak, datak, karpeta eta espedientea, instalazio unitate gisa; signatura eta orrialde kopurua.
VARGAS ALONSO, Francisco Manuel; GRANJA, José Luis de la: El Archivo de Luis Ruiz de Aguirre (Sancho de Beurko), [lehen, «Fondo Bidasoa»]. Guía de fuentes documentales y bibliográficas sobre la Guerra Civil en el País Vasco (1936-1939). Zuzendariak: José Luis de la Granja eta Santiago de Pablo]. – Vitoria-Gasteiz : Eusko Jaurlaritza; Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2009.


5. Loturiko materialen arloa

5.2 Kopia eta horien kokapena
Bidasoa Institutuaren dokumentazioaren kopia bat dago Euskadiko Artxibo Historikoan. Bidasoa Institutua bilduma. Originalarekin alderatu gabe.

5.4 Argitalpen oharra
JIMENEZ DE ABERASTURI, Juan Carlos: Archivos y fuentes documentales para la Historia de la Guerra Civil en Euskadi, GARITAONANDIA, Carmelo, GRANJA, José Luis de la (editoreak): La Guerra Civil en Euskadi 50 años después. Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo, 1987. 367-411. or. 


6. Oharren atala

6.1. Oharrak
Funts ia osoa Leioako Campuseko Biblioteka Nagusian dago. Zati txiki bat dauka lagata Euskadiko Artxibo Historikoak, hitzarmen baten bitartez.


7. Deskribapen kontrolerako eremua:

7.1. Artxibozainaren oharra:
Miguel Ángel Santos Cresporen deskribapena

7.2. Arauak:
ISAD (G): Norma internacional general de descripción archivística. 2. ed. Madril: Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa (Kulturako Estatu Idazkaritza, 2000)
ISAAR (CPF): Norma internacional sobre los registros de autoridad de archivos relativos a instituciones, personas y familias. 2. ed. Madril: Kultura Ministerioa, 2004.
Manual de descripción multinivel. [Salamanca]: Gaztela eta Leongo Junta. Hezkuntza eta Kultura Saila, 2000.

7.3. Deskribapen data:
2017ko maiatzak 3