Haur eta Gazte Literatura eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak eskutik helduta
Garapen Iraunkorrak bermatu nahi du gizaki guztiek beren potentziala gara dezatela, duintasunez eta berdintasunez, ingurumen osasungarrian eta ongizatea sustatuz. Horretarako, Nazio Batuen Erakundeak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan 17 helburu jaso zituen (NBE, 2015). Helburu horiek defendatzen dute, besteak beste, kalitatezko hezkuntza inklusiboa bultzatzea, genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskato guztiak ahalduntzea, ingurugiroaren babesa, desberdintasunak murriztea edo gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzea.
Bestalde, hizkuntza literarioa testutik kanpo dagoen errealitatea ulertzeko baliagarria da: literaturak, ikuspuntu estetiko eta ideologikotik, elkarrizketa sozialak betikotzen ditu, edota zalantzan jartzen, eta, hain zuzen ere horregatik, berebizikoa da haurren eta gazteen kontzientzia kritikoaren garapenean. Hori dela eta, azkenaldian balio sozialak (ekologia, genero-berdintasuna, kultur aniztasuna, etab.) sustatzen dituzten obra literarioen argitalpenek gora egin dute eta, haiekin batera, testu literarioen balio didaktikoaren erabilerak.
Kongresu honetan Haur eta Gazte Literaturaren (HGL) eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) arteko konbinazioari buruzko eztabaida-foroa sortu nahi dugu. Izan ere jarrerak eta ohiturak aldatzeko bide onenetako bat da hezkuntza, haurtzaroa baita haurrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko adin tarterik egokiena.